2022ko txakolin uzta, gradu gehiago eta gorputz handixeagoarekin

Andrea Zipitria-Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 13a, 12:00
Santarbako Jose Inazio Manterola, etxe atarian, aita zenaren argazki batekin. Aitak bezala, berak ere jasoko du diploma San Anton egunez. (Onintza Lete Arrieta)

Getariako Txakolina sor-markak eman ditu 2022ko uztari buruzko datuak, eta jakinarazi du Mahasti Jaun berria nor izendatuko duen: Donostiako Pintxoaren Institutua. Hitzak Getariako Gañeta upategiko Julian Ostolazarekin eta Zarauzko Talai Berri eta Santarba upategietako Bixente Eizagirre eta Jose Inazio Manterolarekin hitz egin du, horiek ere aitortza jasoko dutelako San Anton egunez.

Getariako Txakolina sor-markak eman ditu 2022ko uztaren datuak, eta jakinarazi du asteartean, San Anton egunez, zer pertsona eta eragile omenduko dituen Cristobal Balentziaga Museoan egingo duten ekitaldi itxian. Batetik, Mahasti Jaun berria sarituko dute: Donostiako Pintxoaren Institutua. Bestetik, beren ibilbidearen aitortza gisa, diploma jasoko dute lau lagunek: Getariako Gañeta upategiko Julian Ostolazak, Zarauzko Talai Berri eta Santarba upategietako Bixente Eizagirrek eta Jose Inazio Manterolak, eta Arrasateko Kataide upategiko Javier Arregik.

2022ko uztako datuei dagokienez, sor-markak nahiz aitortza jasoko duten ekoizleek, denek azpimarratu dute uzta bereziki ona izan dela. "Egun garbiak izan dituen urte lehor batean, mahatsa oso osasun egoera onean bildu ahal izan da, eta mahastiak ez du Mildiuren (mahatsondoaren onddoa) eraso nabarmenik jasan. Era berean, prezipitazio gutxiko eguraldiaren ondorioz, 2022ko uztako txakolinek 2021eko uztakoek baino gradu haundixeagoa dute, gorputz handiagoa eta azidotasunean oso orekatua".

4.800.000 kilo mahats bildu da, 2021ean baino %20 gehiago



Sor-markak datuak ere eman ditu: 2021ean baino %20 gehiago ekoitzi da, 4.800.000 kilo mahats bilduta; beraz, 4.300.000 botila inguru merkaturatuko dira. Salmentek ere gora egin dute, %13. Hala, 4.000.000 prezinto banatzera iritsi direla jakinarazi du sor-markak.

Azpimarratzeko beste datu bat esportazioen hazkundearena da: "Getariako Txakolinak errekonozimendua lortzen jarraitzen du mundu mailan, 2021-2022 kanpainako esportazio datuek erakusten duten bezala, % 30 inguru hazi baita".

Zarauzko Hitzak eskualdeko hiru omenduekin hitz egin du. Aitortzarekin pozik agertu dira hirurak, baita azken uztarekin ere.

Julian Ostolaza: "Halako urterik gutxitan ikusi dugu, gorputz handiko txakolina ekoiztu da"

Julian Ostolaza Gañeta upategikoa, Getariako bere mahastietan. (Gañeta)

Gañeta txakolindegiko Julian Ostolaza da aitortza jasoko duen hirugarren laguna. Orain haren ilobek hartu dute txakolindegiaren oinordekoa, baina bertako hormek istorio asko bizi izan dituzte, hemeretzigarren menderaino atzera egin behar baita sorrerara iristeko. Istorio horren zati bat kontatu du Ostolazak: "Manuelek lehenengo Hondarribi Zuri mahastiak landatu zituen, txakolinaren artisau ekoizpena gauzatzeko asmoz. Bere seme Jose Mariak jarraitu zuen tradizioa, eta 1992. urtean hartu nuen erreleboa, Itziarrekin [Etxeberria] batera". Ordura arte, "etxean kontsumitzeko" egiten zuten txakolina, baina upategi txiki bat eraikiz eman zion hasiera txakolinaren merkaturatzeari azken belaunaldi horrek.

Ostolazak esan du aitortza bat jasoko duen «lehen aldia» dela, eta abisatu ziotenean "sorpresaz" hartu zuela berria. Asteartean Getarian igaroko du eguna txakolinak dastatzen. Gainera, aurtengo uzta "oso ona" izan dela azpimarratu du Ostolazak, eta hori hala dela ziurtatzeko, hitzordu garrantzitsua dela asteartekoa. "Kantitatez eta kalitatez ona izan da urtea", gaineratu du. "Halako urterik gutxitan ikusi dugu. 2022. urtea beroa eta lehorra izan da, eta gorputz handiko txakolina ekoiztu da. Graduek ere hori erakusten dute: 12 graduren bueltan ibiliko da".

Bixente Eizagirre: "Gutaz gogoratu izanak poztu egiten nau"

Bixente Eizagirre Talai Berri upategikoa, bere mahastietan. (Talai Berri)

Talai Berriko Bixente Eizagirrek ere ez du hutsik egingo asteartean duen hitzordurako. Mahasti tartean jaioa da; hala kontatu du berak. Txakolin munduan tradizio handia duen familia bateko semea da, zehazki, "laugarren belaunaldikoa" argitu du. Eskola 14-15 urte ingururekin bukatu zuen, eta orduantxe hasi zen "serio lanean" mahasti inguruan. 21 urte bete berri, Madrilera egin zuen salto, Enologia ikasketak burutzera. Berriz ere etxera "gustura" etorri zen ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz. 

Txakolina aspalditik egiten zuten arren, txakolindegirik ez zuten, harik eta Eizagirrek berak 1992an eraiki zuen arte. Aurrez, sor-marka batek eskatzen dituen baldintza guztiak betetzeko lan egin zuten, eta 1989an eskuratu zuen beren txakolinak Getariako Txaolina deitura. 

Ordutik asko dira jaso dituen errekonozimenduak: esku bakarrean ez zaizkio kabitu ere egiten. Tartean dira, esaterako, Zarauzko Udalak herriko Txakolin Egunean emandakoa; txakolin beltza egiten hasi zenean, berrikuntza gisa jaso zuen garaikurra; edota Donostiako Gastronomiako Euskal Anaiarteak txakolinaren munduan egin duen lana goraipatzeko egindako aitorpena. Asteartean, bat gehiago eramango du soinean. "Ilusio handia" egin dio Eizagirreri. "Gutaz gogoratu izanak poztu egin nau, eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen".

Jose Inazio Manterola: "Mahastietan lanean jarduteko inbidiatan gelditu naiz!"

Jose Inazio Manterola, ostegun goizean bere etxe aurreko mahastian. (Onintza Lete Arrieta)


Jose Inazio Manterola zarauztarra, esaterako, 13 urterekin hasi zen beren aitonak zabaldutako Santarba txakolindegian lanean, eta hantxe jarraitu du orain bospasei urte erretiroa hartu zuenera arte. Esan du "beste guztiak bezala" saiatu izan dela beti sor-markaren alde lan egiten, eta orain jasoko duen aitortzak "ilusio handia" egin diola. Zortzi urtez Getariako Txakolina sor-markako lehendakaria izana da, gainera, Manterola. 

Urtero joaten da Getariara San Anton egunez, eta aurten, noski, ez du hutsik egingo, sor-markaren ekitaldian parte hartuko duelako, gainera. 

1950ean zabaldu zuten txakolindegia, eta aitonaren ondotik aitak hartu zuen ardura, eta gero, berak. Ondorengoek ez diote jarraitu, ordea, eta orain alokairuan emanda dauka negozioa. 2022a oso ona izan da klima aldetik, eta penatan gelditu da bertan lan egin ez izanaz. "Mahastia klima lehorrekoa da, eta zentzu horretan, pasa berri den urtea oso ona izan da uztarentzat eta mahastientzat. Mahastietan lanean jarduteko inbidiatan egon naiz!", aitortu du. 

Asteartean aitortza jasoko du, baina ez da familiako aurrenekoa izango diploma jasotzen. "Orain akordatu naiz 1995ean gure aita zenak ere jaso zuela, beste bi lagunekin batera. San Prudentzion egin zen ekitaldi hura", kontatu du. Markoan sartutako argazki bat ere erakutsi du, egun hartakoa.