Sorbeltzak ezagutzeko tailerra egingo da ostegunean Itziarren, Geoparkeak antolatuta

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 3a, 17:00

Sorbeltzak ezagutzeko tailerra antolatu dute Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Itziarko Auzo Udalak. Ostegunean egingo da, 11:00etatik aurrera, Itziarko Burugorrin.

Sorbeltzak, eta hauen arazoak ezagutarazteko jarduera antolatu dute Itziarko Auzo Udalak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak elkarlanean. Urtarrilaren 5ean, ostegunez, izango da, goizeko 11etan hasita Itziarko Burugorrin, eta 10 urtetik gorakoentzat izango da. Txikiagoek ere parte hartu ahal izango dute, baina hauek laguntza beharko dute.

Ipuin kontaketa baten bidez hegazti hauen bizimodua eta bizirik irauteko dituzten erronkak ezagutuko dituzte parte hartzaileek. Gero, haur bakoitzak paperezko hiru dimentsioko sorbeltza egingo du etxera eramateko. Jardunaldia bukatzeko, hurrengo udaberriko etorrerari begira hegazti hauek babesteko prestatu duten proiektu baten berri ere emango da; hura aurrera eramateko haurren laguntza eskatuko da.

Hegazti migratzaileak

Sorbeltzak enara izenez ezagutzen diren hegazti motetako bat da, enara beltz, kataka, errentxori eta beste hamaika izenez ere ezaguna dena. Geoparkeko arduradunen esanetan, beste enarak ez bezala, sorbeltzak ez dira inoiz argindarren kableetan jarrita ikusiko, ezta lupetzetan lokatza biltzen mokoka ere; izan ere, hegazti hauek ia bere bizitza osoa –umatzeko ez bada– airean pasatzen dute. Beste enarak baino askoz gorago egiten dute hegan, gainera.

Hegazti migratzaileak dira eta urtero milaka kilometro egiten dituzte Europako umatze tokietatik Saharaz hegoaldeko Afrikatik haratago (7.000 kilometro inguru). Udaberriro bueltatzen dira eta itzuli hori garaiz prestatzea da tailer honen helburuetako bat. "Izan ere, gizakiak egindako eraikinetan ohitu dira eta eraikin horietan gero eta urriagoak dira hegazti hauek habia egiteko behar izaten dituzten zirrikitu eta zuloak (eraikin berrietako teilatuak guztiz itxita izaten dira, eta zaharberritzetan ere zulo horiek ezabatzeko joera dago). Gainera, hegazti intsektujaleak dira, eta ezaguna da mundu osoan intsektuek pairatzen ari diren beherakada. Hirugarren faktore bat, airearen kutsadura da", gaineratu dute Geoparkeko adituek.