Milioi eta erdi bisita izan ditu Baleike.eus-ek 2022an

Erredakzioa 2023ko urt. 3a, 09:30
Baleike.eus-en gaur goizeko azala.

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.481.267 bisita izan zituen Baleike.eus-ek, Google Analyticsek emandako datuen arabera. Egunean, batez beste, bederatzi albiste argitaratu ditu Baleikek webgunean, eta atari digitalak 4.058 bisita izan ditu egunero. Azken urteetako joerari eutsiz, bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte erabiltzaileek.

2022. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Baleike.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Baleikek 2022an ere, eta hainbat izan dira Komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 3.397 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, bederatzi albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean ia milioi eta erdi bisita izan ditu Baleike.eus-ek: zehazki, 1.481.267 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtez urte hazten jarraitzen du Baleikeren webguneko bisiten kopuruak, eta iazkoa ere ez da salbuespena izan; izan ere, 2021ean baino 39.693 bisita gehiago izan ditu Baleike.eus-ek urtebeteko epean. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 4.058 bisita izan ditu webguneak. Bestalde, aipatzekoa da irakurleek webgunean zabaldutako orri kopurua ere: 2022an, orotara, 3.429.928 orri ireki zituzten horiek, eta egunean, batez beste, 9.397 orri. Gainera, erabiltzaile bakoitzak, batez beste, bi minutu igaro zituen Baleike.eus-era egindako bisita bakoitzean.

Azken urteetako joerari eutsiz, 2022an ere erabiltzaile gehienek eskuko telefonoa erabili dute Baleike.eus irakurtzeko: %70ek. Ordenagailutik bisitarien %27,6 sartu dira webgunera, eta tabletetatik, berriz, %1,9.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Baleike, Karkara, Maxixatzen, Urola Kostako Hitza eta Zarauzko Hitza– 9.174.112 bisita izan zituzten iaz, 2021ean baino 518.784 bisita gehiago.