Eskubaloiak eta oroitzapenek bat egin zuten atzo Lubakin

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 31a, 14:00

Iñaki Espillaren aldeko zortzigarren memoriala jokatu zen atzo Lubaki kiroldegian, eta kiroldegiko harmailak txiki geratu ziren eskubaloiaren festa eta joandako lagunaren oroitzapena uztartzen zituen kirol ekitaldia jarraitzera gerturatu ziren zaletuekin.

Goizez eta arratsaldez, leporaino bete ziren Lubaki kiroldegiko harmailak, eta sei partida jokatu zituzten Pulpoko jokalariek, horietatik bost, Euskadiko selekzioaren aurka. 

Izan ere, Iñaki Espillaren aldeko memorialean beren artean aritu ziren jokoan alebin mailako jokalariak, eta Euskadiko selekzioaren aurka gainerako kategoriak. Euskadiko selekzioak irabazi zituen partida guztiak, bat izan ezik: Pulpoko jubenil neskek berdindu egin zuten Euskadiko kadeteen aurka. 

Pulpo Eskubaloi klubak eskerrak eman nahi izan dizkie atzo muntaian, tabernen txandan zein zozketetan boluntario aritu ziren entrenatzaileei, ordezkariei, jokalariei eta inguruko jendeari. Haiek gabe halakorik egitea ezinezkoa dela nabarmendu dute. Era berean, nabarmendu dute Euskadiko selekzioak egonaldiaren balorazio oso ona egin duela, eta urtarrilak 3tik 8ra Benidormen egingo den Espainiako txapelketarako prestaketa bikaina izan dela.