Zumaiarren doinuak

Marina Bidasororen doinuak

Erredakzioa 2023ko urt. 4a, 09:00

Ibilbide politiko luzea du Marina Bidasorok. Herriko alkatea izan zen 1990eko hamarkadan eta Kultura zinegotzia da gaur egun Zumaiako Udalean. Irakurtzea maite du, baita musika ere, eta gogoko dituen bost abesti aukeratzeko eskatu zaio.

Aukeraketa egiterakoan jatorrizko hizkuntza hartu dut hizpide. 

1. Supertramp – Breakfast in America

79ko uda, Zumaia, Itzurun hondartza, 16 urte. Gure etxean Jose Luis anai zaharrena zen diskoak etxera ekarri eta musikara ateak zabaldu zizkiguna. Kasete hau bereziki entzun nuen lehen kontzertuetako bat izango zen. Izan ere, aitak urte hartan erosi zuen musika katea eta uda hartako gure soinu banda izan zen. 
Supertramp - Breakfast in America (Live In Paris '79) - YouTube

2. Franco Battiato – Voglio Vederti Danzare

Unibertsitate garaira eramaten dit honek. Italiako musika oso gustoko izan dut beti. Battiatok Italiako garai hartako musika melodikoarekin apurtzen zuen. Bere letrek beste kultura musikalei buruz hitz egiten zuten. Pop filosofikoa. 

3. George Moustaki – Le métèque 

Ahots goxo hori, maitasunaren hizkuntza… George Moustaki seduktorea. 

4. Mercedes Sosa – Gracias a la vida

Violeta Parrarenak dira hitzak, nik aukeratutako abestia Mercedes Sosaren bertsio bat da, ordea. Emakume indartsua, bai bere bizitza pertsonalean baita borroka politikoan ere. Hegoamerikako folklorearen ikur. 

5. Anari – Izarren hautsa

Nire bizitzan esanahi handia dituen abestia eta hitzak. Une zailetan nire ondoan egondakoa. Anariren bertsio hau bereziki gustatzen zait.