"Pena ematen dit debekatzeak, guk egiten dugun arrantza jasangarria delako"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko abe. 18a, 12:42
Jesus Urbieta Euskadiko Anguleroen Elkarteak ostiralean eman zuen agerraldian izan zen. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Europako Batasunak aginduta, 2023tik aurrera ezingo dira angulak arrantzatu Gipuzkoako eta Bizkaiko errioetan. Jesus Urbieta Azpillagak angulazaleen iritzia eta arrantza mota honen inguruko hainbat xehetasun azaldu ditu.

Europako Batasunak debekatu egingo du aisialdiko angularen arrantza 2023tik aurrera. Kolpe gogorra izan al da?
Pena ematen dit, nire aitarengandik jaso dudan zaletasuna baita angulak arrantzatzea. Aita baserritarra  zen eta asko gustatzen zitzaion anguletara eta lupiatara joatea. Ni orain gutxi erretiratu naiz, 63 urterekin, eta anguletara joatea dut nik ere gustuko. Norbaitek pentsa dezake arrantzara ateratzea bakarrik dela, baina prestaketa lana eskatzen du, eta horrekin denbora pasatzen dut nik: aitonak mendian prestatu zuen biberoa garbitu; garajean depositua prestatu eta hari oxigenatzaileak eta filtroak jarri; txalupari trepeta jarri edota sareak josi. Dena prozesu bat da, eta hamabost bat egun behar izaten ditut, arrantzan hasi aurretik, txalupa prestatzeko. Horrek ilusioa ematen dit. Gero, arrantzara ateratzen naizenen, hiru-lau ordu pasatzen ditut, eta ez dut gehiegi arrantzatzen; agian 200-300 gramo harrapatu ditzaket, baina pozik bueltatzen naiz etxera. Ez da saltzeko; etxean jateko izaten da, baita anaiari edo lagunen bati oparitzeko ere. Horregatik, pena ematen dit debekatzeak, guk egiten dugun arrantza jasangarria delako eta ez diolako inori kalterik egiten.

Angulazale asko ibiltzen al zarete gaur egun?
Hamahiru bat txalupa jarduten gara. 30 txalupa ere ezagutu ditut nik, baina asko jaitsi da angularen arrantza Zumaian. Lehen beherakada espigoia luzatu zutenean gertatu zen; izan ere, errioaren sarrera aldatu egin zen, eta horrekin batera korronteak; erriora lehen baino angula gutxiago sartzen zela antzeman genuen. Gero, araztegia egin zuten, eta horrek ere eragin zuela iruditzen zaigu. Guk harreman handia dugu Orioko eta Aginagako angulazaleekin, eta adinekoek esaten dute, ura zikina badago, angulak nabaritu egiten duela eta ez dela erriora sartzen.

Gazteek jarraitu al dute tradizioarekin?
Azken urtetan ez dira lizentzia berriak eman. Hortaz, zaharrek angulak arrantzatzeari utzi diotenean, gazteek ez dute lekukorik hartu, baimenik gabe ezin delako arrantza egin. Horrez gain, garai batean txalupa asko familiakoak ziren, eta dokumentaziorik gabe zeuden prestatuta. Legea zorroztu, eta lizentzia ateratzeko dokumentazio guztia behar bezala izatea eskatzen hasi zirenean, ordea, txalupa asko lehorrean geratu ziren.