Angula arrantzatzeko debekuari irtenbidea emateko borondatea eskatu diote Jaurlaritzari angulazaleek

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abe. 16a, 15:14
Euskadiko Anguleroen Elkarteko ordezkariak, gaur goizean Arraunetxen egin den prentsa agerraldian.

Europako Batasunak debekatu egingo du 2023tik aurrera angularen arrantza ez profesionala, aisialdikoa. Hain zuzen, hori da Bizkaian eta Gipuzkoan egiten dena gaur egun. Angulazaleek gogoratu dute, ordea, "mendeetan Euskal Herrian bizirik iraun duen ohitura" izan dela, eta ziur daude urtean bi lurraldeetan arrantzatzen diren 800 kiloak debekatzeak angularen eta aingiraren berreskuratzean "eragin txikia" izango duela.

Europako Batasunak Gipuzkoan eta Bizkaian angularen arrantza debekatuko du 2023tik aurrera. Hego Euskal Herrian egiten den arrantza aisialdikoa da, ez profesionala, – harrapatzen diren angulak ezin dituzte saldu, norberaren kontsumorako izan behar dute– eta 2023an debekatu egingo dute jarduera hori; beraz, aurrerantzean era profesionalean bakarrik arrantzatu ahal izango da angula Europan. Horren aurrean, Euskadiko Anguleroen Elkarteak "haserrea" agertu da gaur goizean Orioko Arraunetxen egin duen prentsa agerraldian. Izan ere, Europatik datorren erabakia bada ere, "Eusko Jaurlaritzak eta Aztik bultzatutakoa" dela uste dute. "Angularen egoera ez da munduko onena, baina aurten Frantzian 60 tona arrantzatuko dira, eta euskal kostaldean, berriz, 800 kilo; Europako harrapaketen %0,2, hain zuzen ere. Beraz, ez dugu uste gure arrantza debekatuz angula salbatuko denik".

Angula "arrisku larrian" dagoela ohartarazi zuten ikerlariek duela bi hamarkada inguru, eta, 2007an, Europako Batasunak EBko kideei eskatu zien angula leheneratzeko kudeaketa plan bana egin zezatela, inguru bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuta. 2010ean, Eusko Jaurlaritzak eta Aztik plan bat sortu zuten angularen biziraupena bermatzeko, eta angulen hilkortasuna eragiten duten faktoreak zehaztu zituzten bertan: angularen arrantza, ibaietako presak eta zentral hidroelektrikoak eta kutsadura, besteak beste. Angula erasotzen duten edozein elementu ibaietatik desagertaraztea beharrezkotzat jo zuten planean, eta horretan oinarrituta egin zituzten angularen arrantzan murrizketak . "2022an gaude, eta plan horretatik bete den gauza bakarra izan da arrantza murriztea eta, orain, debekatzea. Benetan angula eta aingira salbatu nahi badira, zergatik ez da plana osatu orain arte? Aurten onartu du Eusko Jaurlaritzak 2035erako ibaietako oztopo guztiak kentzeko plana, 8 milioi euroko aurrekontuarekin. Plana osatzeko eta horren jarraipena egiteko, berriz, urtero 300.000 euro bideratzen ditu Eusko Jaurlaritzak, baina oraindik ez digute esan azken urteetan angularen arrantzan egin dituzten murrizketek emaitzarik eman ote duten", salatu du Unai Eizagirre Euskadiko Anguleroen Elkarteko presidenteak.

Angulazaleak "jomugan"

Elkarteak uste du angulazaleak jomugan jarri direla azken urteetan. "Angula eta aingira desagertzearen errudun gisa aurkeztu gaituzte, baina ez dituzte beste hainbat faktore kontuan hartu: ibaietara isurtzen diren ur zikinak, angula eta aingira erasotzen duten harrapakariak edo angulak berreskuratzeko behar den bezala ahalegina ez egitea, Europak eskatzen duen bezala. Gainera, ikerlariek aitortzen dute Europa iparraldean dagoela espeziea egoera okerrenean, baina bertan ez da angularik arrantzatzen. Beraz, guk egiten dugun arrantza jasangarriak debekatzerainoko kaltea eragiten al du angula eta aingiraren biomasan eta berreskuratzean?".

Bi urte darama angulazaleen elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin gaia lantzen, eta "beti adostasunetara iristeko prest" agertu direla azaldu dute. "Angularen egoera txarra zela ikusita, duela bi urte Bittor Oroz sailburuordeak esan zigun aisialdiko arrantza izatea utzi eta profesionalizatu egin behar zela sektorea. Euskal Herrian tradizioa izan den angula arrantza salbatzeko bide bakarra hori bazen, aldaketa egiteko prest geundela erantzun genion, eta horretarako plan bat osatu dugu, beharrezko xehetasun guztiak kontuan hartuta". 400 arrantzalek osatzen dute elkartea eta adostasun batera iristea lortu dute "angula arrantzari bizirik eustea izan baita hasieratik gure helburu nagusia". "Udaberrian aurkeztu genuen sektorea profesionalizatzeko plana Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzan, eta hilabete luzez ez dugu inoren erantzunik izan, azarora arte. Orduan, berriz, esan zitzaigun hori ez zela bidea. Eta, orain, Europak Batasunetik debekua iritsi zaigu", adierazi du Iñaki Bedoya elkarteko idazkariak.

Gainera, urte hauetan kontrol neurriak ez direla behar bezala aplikatu ere salatu du Euskadiko Anguleroen Elkarteak. "Elkarteko arrantzaleoi ezarri dizkiguten arauak bete ditugu urte hauetan guztietan. Angula arrantzaleok eguneroko bat bete behar izaten dugu egun bakoitzeko harrapaketa datua zehaztuz, eta hori entregatu gabe ezin da berritu hurrengo urterako lizentzia. Dena dela, badakigu koadernotxo hori entregatu ez dutenei ere berritu zaiela lizentzia". Uste dute "utzikeriaz jokatu" dela, angularen arrantza debekatzera iritsi arte.

Urkullu lehendakariari eskaera

Debeku egoeraren aurrean Euskadiko Anguleroen Elkartea Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiteko prest agertu da, egoerari irtenbidea eman nahi badiote. "Angularen arrantzaren inguruan egon daitezkeen aurreiritziak gaindituta eta Eusko Jaurlaritzak horretarako borondatea badu, egoera konpondu daitekeela uste dugu. Hala, lehendakariari gaian zuzenean esku-hartzeko eta egoerari irtenbidea emateko eskatu nahi diogu, mendeetan Euskal Herrian egin den angula-arrantza desagertu ez dadin", eskatu du Bedoyak.