Eduki babestua

Baso Magikoa: jolasa, ikasketa, natura eta artearen gunea Zumaiena ikastetxean

Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 10:00
Isaak Aranberri Zumaienako zuzendaria eta Ander Hormazuri artista.

Zumaiena ikastetxeak Baso Magikoa sortu du, berrikuntza pedadgokiko baitan, hezkuntza arloa eta pertsonala hobetu nahian. Jolasa, ikasketa, natura eta artea uztartzen ditu gune berriak.

Berrikuntza pedagogikoaren bila dabiltza ikastetxe guztiak, hezkuntza arloa eta pertsonala hobetu nahian. Azken urteetan, argi eta garbi ikusi da hezkuntzan aurreratuta doazen herrialdeek, Finlandiak kasu, kanpo espazioak eta espazio naturalak barneratuta dituztela beren curriculumean.

Izan ere, egungo eskoletako egituran garrantzitsua da ikasleei mugitzeko aukera ematea.

"Ikasleak sei orduz gelan sartuta mugitu gabe egoteak ez du zentzurik. Hala, hezkuntza erakunde bezala, aspaldi hasi ginen kanpo espazioa erabiltzen, eta Zumaian bizi garenez, zer hobe hondartza eta mendia erabiltzea baino. Horrez gain, ordea, ikastetxean bertan ikasleentzat eredugarria eta erakargarria izango litzatekeen zerbait nahi genuen", adierazi du Isaak Aranberri Zumaienako zuzendariak. Jolasa, ikasketa, natura eta artea uztartuko lituzkeen gunea nahi zuten… baina nola formulatu nahaspila hori?

Ander Hormazurirekin lanean

Zumaienan sinesten dute kontzeptu abstraktu horiek ulertzeko ezinbestekoa dela haiek bizitzea. Natura eremua bazuten, baina nola sartu jolasa, artea eta ikaskuntza?

Hor hasi zen Ander Hormazuri artistaren lana. "Prozesua hasita zuten beraiek, eta dagoeneko ikusten zen denak estetika edo lerro jakin bat jarraitzen zuela. Hala, forma geometrikoak eta naturaren arteko erlazioan murgildu nintzen, eta naturak dituen forma denez ohartu nintzen. Mineralek, hostoek, ur tantek, elur malutek... denek dituzte forma geometrikoak. Baita urak berak ere, izan ere, ur garbiak forma bat du, aldiz, zikinak beste forma bat hartzen du. Hala, ura denez existentzia guztiaren sorrera, hortik abiatzea erabaki genuen. Une oro, tantaka egongo den iturria ezarriko dugu", azaldu du Hormazurik.

Tanta horretatik, ibilbide bat egin dute Baso Magikoan zehar, non gune desberdinak dauden, eta azken espazioa, erlauntzaren edo domoaren begiradara iristen zaren.

Erlauntzaren begirada horrek bat egiten du aipatu dugun hasierako uraren forma hexagonalarekin. "Bidaia egitea proposatzen zaie ikasleei. Forma geometrikoak eta ikaskuntza nahastuz, pentagonoa, karratua edota triangelua ezarri dira, eta guztiek dute bere ikaskuntzarako espazioa, adin tarte desberdinetara egokituta. Haurraren ikuspuntutik jolas eremua da, baina, behin sartutakoan, ez da jolas eremu soila; eskola bezala, kurrikularki arlo desberdinak jorratu ahal izango ditugun guneak ditu, 0 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat gainera, bakoitzak bere moduan landuko duelarik. Arlo desberdin horiek zeharka jorratzeko aukera eskaintzen digu, eta dena estetika batekin, artearekin, naturan murgilduta, geometriarekin barneratuz. Horrek sortzen du magia!" gaineratu du Aranberrik.

Baso Magikoaren sortze-prozesu guztia hezkuntza komunitatearekin elkarlanean egin dute: hau da, ikasle, irakasle eta familien proposamenekin eta lanarekin. Adibide gisa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak dagoeneko ari dira ur tantaren inguruko lanketa berezia egiten, ikuspegi zientifikoa eta artistikoa uztartuz.

"Errazena iturri bat erostea eta jartzea izango litzateke, baina, ikasleekin lan hori eginez, artea eta natura ikasketekin eta jakintzarekin lotzen ditugu. Eta hori da, hain zuren, Baso Magikoaren oinarria", esan du zuzendariak. Izan ere, motibazioa eta ilusioa dira ikaslearen motibazioaren funtsezko zutabeak.

Hezkuntza sistema eskola porrotak diren haurrez beteta dago, eta arazoa hezkuntzan dago, ez duelako asmatu jakin mina sortzen ikasle horiengan. "Gurekin elkarlanean diharduen Rafael Cristobal psikiatraren esanetan, ez dago ikasi nahi ez duen haurrik, haurra motibatzeko gai ez den hezkuntza sistema baizik. Eta hori da Zumaienak lortu nahi duena. Zailtasun berezirik ez duen ikasleak ez du oztopo handirik aurkituko bere ibilbidean, baina ikasle guztiak hartu behar ditugu kontuan, eta eremu naturalek funtsezko funtzioa daukate ikasleen motibazioan. Kanpo espazioek, beraz, balio erantsi erabakigarria eskaintzen dizkigute".

Hormazuri artista ados dago erabat Aranberrirekin, eta Baso Magikoa itxi gabeko proiektua dela ziurtatu du: "Azkenean, asko ikasi dut prozesu hau guztia garatzen, eta hori transmititu nahi izan dut: etengabeko ikaskuntza, alegia. Amaitzen ez den proiektua da honako hau, bukatzen ez den artelana, beti egongo delako zerbait egiteko".