San Silvestre lasterketa eta xake txapelketa egingo dira Gabonetan Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 17a, 09:00
Abenduaren 31n korrituko da San Silvestre lasterketa.

Bi kirol jarduera antolatu ditu Zumaiako Kirol Patronatuak Gabon egunetarako: xake txapelketa egingo da abenduaren 28an, eta San Silvestre lasterketa urteko azken egunean. 

Gabon garaian ere kirola egiteko gonbidapena egin du Zumaiako Kirol Patronatuak. Aurreko urteetan egin bezala, xake txapelketa eta San Silvestre eguneko lasterketa antolatu ditu.

Xake txapelketa abenduaren 28an jokatuko da Alondegian, 17:00etatik aurrera. Irabazleak 100 euroko saskia jasoko du, bigarrenak 75 euroko saria eta hirugarrenak 60 euroko saria. Lehenengo zumaiarrarentzako eta lehenengo gaztearentzako ere saski bana izango da. 

Plazak mugatuak dira interesdunek izena eman beharko dute posta bidez zumaiakoxaketaldea@gmail.com edo telefonoz 630 93 70 41.

Urtea bukatzeko korrika saioa

Abenduaren 31n XI. San Silvestre lasterketa egingo da Zumaian. Eguerdi partean egingo da, eta kategoria desberdinetan jokatuko. 

Goizeko 11:00etan haurren lasterketak jokatuko dira.

LH 1, LH 2, LH 3, LH 4 mailetako haurrek 250 metro egingo dituzte Erribera kalean zehar, Alondegi paretik abiatuta.

LH 5, LH 6 mailetako haurrek, berriz, 1.100 metro egingo dituzte Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta.

DBH 1, DBH 2 mailetako gaztetxoek, aldiz, 1.500 metro egingo dituzte Eusebio Gurrutxaga plazatik aterata.

11:30ean, berriz, Nordic walking martxa egingo da. 5.000 metro egin beharko dituzte Gurrutxaga plazatik abiatuta.

12:00etan patinen txanda izango da. Hauek ere Gurrutxaga plazatik aterako dira, eta aurrekoek bezala 5.000 metroko bidea egingo dute.

Amaitzeko, 12:05ean, korrikalariak aterako dira Gurrutxaga plazatik. 5.000 metroko bidea izango dute aurretik.

Aurreko urtean egin bezala, antolatzaileek ez dute dortsalik banatuko. Izenak emateko txartel batzuk egin dituzte eta ikasleei ikastetxeetan banatuko zaizkie; helduek, aldiz, kiroldegian jaso ahalko dituzte. Proba egunean buzoiak egongo dira txartelak bertan sartzeko.