San Juan Egoitzako langileek hasi dute greba mugagabea

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 12a, 12:52
Beheko plazatik abiatu da San Juan Egoitzako langileen manifestazioa. (Juan Luis Romatet)

Greba mugagabea hasi dute gaur San Juan Egoitzako langileek hitzarmena berritu eta lan baldintza duinak lortze aldera. Horri lotutako, zenbait ekintza egingo dituzte aste honetan.

Manifestazioa egin dute gaur eguerdian San Juan Egoitzako langileek greba mugagabea hasi duten egun berean. Hitzarmena berritu eta lan baldintza duinak lortze aldera egingo dituzte lanuzteak, azaroaren amaieran eskaini zuten prentsaurrekoan iragarri zuten bezala. 

Gurrutxaga plazatik abiatu dira egoitzako langileak manifestazioan. Erribera kalea zeharkatu, eta pentsiodunek astelehenero egiten duten elkarretaratzearekin bat egin dute. Aste honetan egingo dituzten ekintzetatik lehena izan da gaurkoa. Hala, bihar, asteartez, elkarretaratzea egingo dute egoitzaren aurrean, 17:30ean. Asteazkenean, hilaren 14ean, enkartelada abiatuko da Beheko plazatik, 9:30ean. Ostegunean bi ekintza egingo dituzte: 11:00etan orriak banatuko dituzte Amaiako plazako azokan, eta 12:00etan manifestazioan aterako dira Beheko plazatik. Ostiralean, abenduaren 16an, manifestazioa egingo dute Donostian, 11:00etatik aurrera, Gipuzkoako plazan.