Euskal mitologiako pertsonaien bisita izango da aurten ere Zumaienako baso magikoan

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 11a, 09:03
Iazko Gabonetan antolatu zituzten bisita hauek lehenengoz.

Olentzerok, Gomezagok edota sorginek Zumaiena ikastetxeko baso magikoa bisitatuko dute Gabonen bueltan. Aurten bi egunetan egingo dira bisitak, eta sarrerak datorren astetik aurrera izango dira salgai. 

Euskal mitologiako pertsonaien bisita izango da aurten ere Zumaiena ikastetxeko baso magikoan. Iazko esperientziak izandako arrakastaz ohartuta, aurten bi saio izango dira, abenduaren 17an lehena eta egun bat geroago, hilaren 18an, bigarrena. Olentzero, Maridomingi, Gomezago edota Sorginen istorioak entzuteko aukera izango dute bertaratuko direnek. 

Bisitak arratsalde-iluntzean egingo dira, 17:30etik 20:30era bitartean, eta bisita bakoitzak 15-20 minutuko iraupena izango da. Hala, bisitak taldetan antolatuta egingo dira, eta hitzordua eta ordutegia aurretik erreserbatu beharko dira. 

Ikuskizunerako sarrerak (LH3. mailatik beherako haurrek 2 euro, eta LH4tik gorako haurrek eta helduek 4 euro) bihartik aurrera jarriko dira salgai ikastetxeko atarian, 09:15etik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Astelehenean, hilaren 12an, ikastetxeko familiek izango dute sarrerak erosteko aukera, eta 13tik aurrera herritar orok sarrerak agortu arte. Pertsonako zortzi sarrera erosi ahal izango dira gehienez, eta antolatzaileek azaldu dutenez, ezingo dira sarrerak erreserbatu, ez telefonoz, ezta posta elektroniko bidez ere.