Erretratua

Maria Teresa Ibarra, herriak izan duen bilakaeraren lekukoa

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 10a, 14:42
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Lau hamarkada luzez administrari lanak bete ditu udaletxean, eta San Pedro parrokiako organista ere izan da urte hauetan guztietan. Erretiro garaia iritsita, udazkena heltzearekin batera esan dio agur Maria Teresa Ibarrak bi ardura horiei. Ordularirik gabeko bizitzari ekingo dio orain.

(Urriko Baleiken argitaratutako erretratua)

Zumaiak bizi izan dituen aldaketen, bilakaeraren eta hazkundearen lekuko izan da Maria Teresa Ibarra Gorostola (Zumaia, 1957). Makina bat datu, dokumentu eta zerrenda pasatu dira bere eskuetatik lanean azken 45 urteotan. Udalean beharrean hasi zenean, 1978. urtean, Zumaiak 7.400 bizilagun inguru zituela du gogoan; erretiroa hartu duenean, berriz, 10.200 biztanle ditu herriak. Ondo gogoan du zer egunetan heldu zen herria 10.000 bizilagunetara. "2017ko martxoaren 16an iritsi ginen 10.000 biztanle izatera. Ez dut inoiz ahaztuko", esan du koilaratxoarekin kafe ebakiari bueltak ematen dizkion bitartean.

Ikasketak herrian bertan egin zituela azaldu du Ibarrak. "Mojen kolegioan ikasi nuen, eta batxilergoa han atera nuen. Karrerarik ez dut ikasi; garaiak desberdinak ziren, eta orduan ez zegoen aukera handirik". Udaletxean lanean hasteko egin zuen azterketa ere gogoan du. "Gobernu Zibiletik gizon bat etorri zen; ez dut haren izena gogoratzen, baina bai bere aurpegia. Olivetti idazteko makina handi batekin etorri zen. Zekarren liburua zabaldu zuen, eta han agertzen zenari buruz galdetu zidan. Gustuko gaia nuen, eta gainditu egin nuen. Gero, idazlan bat egin nuen Zumaiari buruz. Hura ere egin nuen, eta barrura".

21 urte zituen udaleko administrari lanetan hasi zenean. "Garai hartan hiru langile besterik ez ziren udaletxean: Jexux Olaizola Largo, Manolo Azkue eta Peio Usandizaga. Gero, idazkaria zegoen, Edmundo Jesus Etxegoien Arteaga. Alkate, berriz, Eugenio Arrizabalaga zen lanean hasi nintzenean". Udaletxean lanean aritu den urteetan zortzi alkate eta bederatzi idazkari ezagutu dituela esan du Ibarrak. "Bakoitzak bere berezitasunak zituen; ez agintzeko, baina bai lan egiteko moduan, betiere, legearen barruan".

Gaztea zen lanean hasi zenean, eta udaletxean aritzen zen emakume bakarra ere bazen. "Galdetu izan didate ea sartu nintzenean beldurrik izan nuen: sekula ere ez. Oso ondo tratatu ninduten. Gazte-gaztea nintzen, ez nekien Administrazioa nolakoa zen, beraiek konfiantza eman zidaten, eta nituen zalantza guztiak argitu zizkidaten". Orain Bake Epaitegian eramaten dute erregistro zibila; garai hartan, ordea, udaletxean egiten zen, eta ardura Ibarraren esku utzi zuten. "Leihatila ondoan jarri ninduten. Udaletxean orduan telefono bakarra zegoen, Manoloren mahaian, eta bera ibiltzen zen deiak pasatzen".

Gestioren bat egitera udaletxera bertaratutako jendea ere artatu du Ibarrak urte askoan. "Jendaurrean egotea aberasgarria da: jendea ezagutzen duzu eta atetik sartzen denerako badakizu zertara datorren eta zureganako zer jarrera duen. Baita zuk berarekiko ere". Sarritan, baina, etxe barruko lanak ere egin ditu, eta urte batzuetan, biak, jendaurrekoak eta barrukoak.

Hauteskundeez ere arduratu izan da urte hauetan guztietan; ohikoa izaten zen hauteskunde mahaien bueltan ikustea, zerrendak eskuan zituela, herritarren nahiz mahaikideen zalantzak argitzen. Hilerriko kontuak ere garai batean udaletxetik eramaten zituzten, eta familiartekoren bat edo lagunen bat galdu zuten pertsonekin ere tratatu behar izan du. "Oso gai delikatua da; beste sentimendu bat behar da hilerriko gorabeherak eramateko. Orduan tanatoriorik ez zegoen, eta jendea udaletxera etortzen zen. Seigarren zentzu bat behar duzu jende hori atenditzeko".

Demokraziaren lehen urteetan hasi zen udaletxean lanean, eta, orokorrean garai gorabeheratsua izan bazen ere, lasaitasunez bizi izan zituela esan du. Gatazka armatuarekin lotutako urteak, horiek bai, "urduritasun handikoak" bezala gogoratzen ditu. "Sekula ahaztu ez dudana Joxe Mari Korta hil zuten eguna izango da. 2000ko abuztuaren 8a izan zen. Zuzen-zuzenean bizi izan genuen hura, izugarria izan zen. Pasa dudan unerik okerrena izan zen, tristea, inpotentzia handikoa. Oso-oso gogorra izan zen".

Udaletxean bertan emandako aldaketen lekukoa ere izan da. "Orduko udaletxea eta oraingoa ezin dira konparatu. Ez langile kopuru aldetik, ez lana egiteko moduagatik".

Musikaren plazera

Musikak ere elikatu du Maria Teresa Ibarraren izaera. Zaletasun hori bere bigarren abizenetik datorkiola azaldu du, Gorostolatik. Parrokiako koruko zuzendari izan zen Carlos Gorostolaren iloba da bera; haren etxean bizi izan zen urte batzuetan, Viva España izenez ezagutzen zen Amaiako plazan. "Elektrizista zen osaba, eta etxera bueltatzen zenean, mahaiaren bueltan eseri, eta partiturak egiten hasten zen. Txikitatik ezagutu dut hori; gure etxean asko bizi izan da musika, asko". Fortuno eta Inaxio Gorostola osabak ere koruko kideak izan ziren, eta "emakumeak onartu zituztenean, izeko Carmenek eta gure ama Rosariok ere koruan abestu zuten".

Piano ikasketak egin zituen, mojetan lehenbizi, eta Donostiako Kontserbatorioan ondoren. Denborarekin, parrokiako organoa jotzeaz ere arduratu da. "1975ean Don Angel Araolaza apaizak erretiroa hartu zuenean, Mari Carmen Azpeitiari eskaini zioten organoa jotzea. Urte berekoak gara biok, Mari Carmen eta biok, eta ni ere parrokian ibiltzen nintzen, koroan. Behin, berak ezin zuela ezkontza batean jo, eta galdetu zidan ea nik joko nuen organoa. Hasieran kili-kiliak sentitu nituen, baina jo nuen, eta gustura sentitu nintzen".

Azpeitiak jarraitu zuen organista titular denbora batez, baina ezkondu zenean eta familia izan zuenean, Ibarraren esku utzi zuen ardura. "Urte ederrak" izan zirela du gogoan. Elizkizunetan jotzen zuen organoa, koruarekin ere bai, eta kontzertu batzuk ere eman zituen garai hartan. 1990eko hamarkadaren erdi aldera, baina, arazo batzuek zirela medio, abesbatzarekin gehiago ez jotzeko erabakia hartu zuen. "Mari Carmen hasi zen abesbatzekin jotzen. Egun handi eta solemneetan berak jotzen du organoa; beste elizkizunetan-eta nik jo izan dut, eta Iker Gonzalez Kobeaga ere aritzen da organista lanetan".

Organoa jotzea plazera dela dio. "Kontzertu gutxi eman ditut, baina jotzen dudanean izaten den isiltasun hori… Horrek esan nahi du nik sentitzen dudan hori jendeak jaso egiten duela, eta barneratzen duela. Hori egundoko garaipena da". Tamalez, lotua ere badela dio. "Heriotzak ez du ordurik, eta behin baino gehiagotan planak aldatu behar izan ditut hiletengatik. Hori, zauden tokitik itzultzeko aukera duzunean; bestela, Mari Carmeni deitu behar ea libre zegoen galdetzeko. Beti adi egon gara familian: kalean eskelaren bat jartzen zutenean deitu egiten zidaten. Oporrengatik zortzi edo bederatzi egunerako kanpora joaten ginenean, aurrez Mari Carmeni abisatzen nion".

65 urte bete zituen irailean, eta erretiroa hartzeko unea zela ikusi zuen, bai lanean, baita parrokian. "Lanean hasia nintzen horretaz pentsatzen, baina parrokiakoa geratzen zitzaidan. Garbi neukan biak utzi behar nituela, eta hala egin dut. Neure erabakia izan da, eta poz-pozik nago izan dudan bizitzarekin. Zorte handia izan dut, eta altxorra da hori". 

  • Adina: 65 urte.
  • Ikasketak: Batxilergoa
  • Lanbidea: Administraria Zumaiako Udalean, eta organista San Pedro parrokian
  • Administraria ez banintz… Organista ere izan naiz. Musikarekin lotutako zerbait egingo nukeen lehenago edo beranduago.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… afizioa, mendira joatea dut. Gero, beste kapritxo batzuk ere baditut.