Bigarren egin dute Aratz Rodriguez eta Martin Amilibiak Zarauzko Bikote Mistoen Krosean

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 4a, 19:00

Guztira, 550 bikote hartu dute irteera gaur goizean, 7,5 kilometroko ibilbidea osatzeko herrian barna. Judith Otazua gernikarrak eta Jon Unzueta durangarrak osatutako bikoa izan da garaile, eta zumaiarrak haien lorratza jarraitzen ahalegindu badira ere, bigarren sailkatu dira. 

Aurpegi berriekin antolakuntzan eta ibilbidean aldaketekin jokatu da gaur goizean Bikote Mistoen 43. Krosa. Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, Zarauzko proba klasikoa antolatzeko lekukoa eta erronka hartu du Zarautz Rugby Taldeak, eta parte hartzeari dagokionez, erantzun bikaina jaso dute. Izan ere, 550 bikotek hartu dute gaurkoan irteera Aritzbatalde kiroldegi paretik; nolabait ere, pandemia aurreko edizioetako partaidetza kopurua izan da. 

Horien artean izan dira Martin Amilibia eta Aratz Rodriguez, eta lasterketaren buruan ziren Judith Otazua gernikarrak eta Jon Unzueta durangarrak osatutako bikoari gertutik jarraitzen ahalegindu diren arren, bigarren egin dute zumaiarrek. Ainara Urrutia eta Igor Olalde aretxabaletarrak hirugarren helmugaratu dira Lege Zaharren Enparantzan.

  • Ikusi hemen Bikote Mistoen 43. Kroseko albistea eta argazki bilduma.