Euskal errepublika aldarrikatuko dute etzi, Espainiako Konstituzioaren Egunean

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 4a, 14:30

Zumaiako Sortuk, Ernaik eta LAB sindikatuak deitu dute elkarretaratzea. Izan ere, deitzaileen ustez, ez dago zer ospaturik, eta Euskal Errepublikaren aldeko eguneroko lanean berresteko baliatuko dute eguna. 

Etzi, Espainiako Konstituzioaren Egunez, kalera aterako da zenbait herritar, ospakizun horrekin bat egiten ez duela adierazteko. Izan ere, Zumaiako Sortuk, Ernaik eta LAB sindikatuak deituta, Euskal Errepublikaren aldeko elkarretaratzea izango da Saregileen plazan, 19:00etan. 

Abenduaren 6a "78ko erregimenak bere burua zuritzeko baliatzen du", deitzaileen ustez, eta horregatik, zer ospaturik ez dutela nabarmendu dute: "Ez ditugu onartzen herri eta hizkuntza zapalduen kartzela, elite ekonomikoaren aterpe eta estolderia zikinaren babesleku diren Espainiako Estatua eta bere konstituzioa". Horregatik, Euskal Errepublikaren aldeko mezua zabaltzeko baliatuko dute asteartea.