Bi garaipen erdietsi dituzte Zumaiako puntistek Gipuzkoako Txapelketako finaletan

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 4a, 17:00

Zesta-puntako Gipuzkoako Txapelketako finalak jokatu ziren larunbat arratsaldean Aitzuri frontoian. Zumaiako puntistek bi kategorietan izan ziren irabazleak.

Aitzuri frontoiak hartu zituen larunbatean Gipuzkoako Txapelketako finalak zesta-puntako modalitatean. Lau partida jokatu ziren Zumaiako pilotalekuan, kadete, jubenil eta senior kategorian. Azken kategoria horretan bi mailatako partidak izan ziren.

Zumaiako Kirol Elkarteko hiru bikote heldu ziren finaletara, hirurak ere senior kategorian. Jardunaldiari hasiera eman zion neurketan, lehen mailako senior kategorian, Cosme Agirrek eta Unai Urangak 30-13 emaitzarekin irabazi zieten Danok Bat klubeko ordezkariei. Arratseko azken partidan berriz, bigarren mailako senior kategorian, zumaiarren arteko neurketa izan zen, eta Gonzalo Agirrek eta Julen Cabanillasek 30-25 emaitzarekin irabazi zieten Eduardo Agirre eta Ander Uretari. 

Kadete eta jubenil mailako finalak ere jokatu ziren larunbatean Zumaian; bietan ere Hondarribiko eta Danok Bat klubetako ordezkariak neurtu ziren eta bietan hondarribitarrak izan ziren nagusi: 30-21 emaitzarekin kadetetan eta 30-27 emaitzarekin jubeniletan.