Oposizioaren babesik gabe egin dute aurrera 2023ko udal aurrekontuek

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 2a, 12:30
Aurrekontuen bozketa, atzo, udaletxeko pleno aretoan. (Maria Maya Manterola)

Udal Gobernuak 24 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen atzo, ezohiko plenoan, datorren urterako. EH Bilduren aldeko bederatzi botorekin, EAJren aurkako bostekin eta PSE-EEko zinegotziaren abstentzioarekin egin du aurrera proposamenak.

Joan den astean eman zuen Udal Gobernuak datorren urteko udal aurrekontuen proposamenaren berri. Eta atzo bertan proposatu zuen ezohiko udalbatzarrean 24,2 milioi euroko aurrekontua, inoizko handiena. Inbertsioen arlora bideratuko dituzte 8,7 milioi euro, aurtengoarekin alderatuta, % 23 gehiago. 

Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak eman zituen aurrekontu proposamenaren zehaztapen guztiak, eta beren botoa eman zuten gero pleno aretoan bildutako zinegotziek: EH Bilduko zinegotzien aldeko bederatzi boto, EAJren bost aurkako eta PSE-EEren abstentzio bat jaso zituen proposamenak. Oposizioak beren botoa argudiatzeko aukera izan zuen jarraian. 

Iker Mardarasek hartu zuen hitza EAJren udal taldearen izenean. Mardarasen hitzetan, "handiak" dira aurrekontuak, batik bat, inbertsioak, eta horien zati handi bat 2022an egitekoak ziren proiektuei dagokiena dela uste du, lizitatu gabeko proiektuena, alegia. Estazio auzoko berrurbanizatzea, Juan Belmonteko ur-hornidura berritzea eta San Jose auzoko etxeetan igogailuak jartzeko obrak aipatu zituen, besteren artean. Jeltzaleen ustez, gainera, exekuzio maila adierazlea da, "nekez iritsiko baita % 25era". "Egingarriak eta errealistak" izatetik urrun, "hauteskunde giroak baldintzatutakoak" dira aurrekontuak, beren hitzetan. 

EAJko zinegotziaren arabera, bestalde, herritarren beharretatik urrun daude aurrekontuak. Etxebizitza politikari ez heltzean egin zuen azpimarra Mardarasek: alokairua sustatzeko programara aurrekontuaren % 0,35a bideratu arren, "etxebizitzarekin lotutako herritarren premia larririk" asetzen ez dela irizten dio. 

Proiektuetan desadostasunak

Bestelako desadostasunak ere aipatu zituzten jeltzaleek. Udal Gobernuak kiroldegiko pista berritzeko proposamena egitea eta iaz EAJri proposamen hori bera ukatzea "ulergaitza" da, Mardarasen esanetan. Era berean, EAJren taldearentzat berri ona da Erkibe eraikina eta ingurua berrantolatzeko planteamendua, baina "neurrigabea" iruditzen zaie eraikin hartan Azpeitiko Elikagunearen antzeko proiektua ezartzea.  "Aldebakarrez" aritzeko joera deitoratu zuten jeltzaleek, izan ere, beren hitzetan, aurrez batzordeetan partekatu ordez, komunikabideen bitartez jakin dute Udal Gobernuaren zenbait asmoen berri. 

"EH Bilduren gastu publikoaren politika" izan zuten, azkenik, hizketagai. Gastuak azken urteetan izan duen bilakaera ez da islatu azpikontratazioan eta tokiko gremioei emandako bultzadan, jeltzaleek aipatu zutenez. "Zerbitzuen bikoiztasunak" ere aipatu zituzten, hala nola, Berdintasun teknikariarena eta Emakumeon* Etxeko dinamizatzailearena. Mardarasen hitzetan, gainera, UKUEren bitartez bideratu beharko litzateke enpresa garapena, eta ez ZKOOP tokiko proiektuaren ordez. Ondorioz, Mardarasen ustez, "itxurakeriazko aurrekontuak" dira EH Bilduren udal taldeak aurkeztutakoak, "hauteskunde giroari dagozkionak", eta "Udal Gobernuaren kudeaketa gaitasuna gainditzen dutenak". 

PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonen hitzetan, bestetik, "zalantzazkoa" izan da aurrekontuei emandako abstentzioa. Izan ere, "aurrekontu potoloa" da, baina "exekuzio maila baxua" izan du Udal Gobernuak, aldi berean. Kezka adierazi zuen Marañonek, bestalde, publifikazioarekin.

Ereduen talka

Iñaki Ostolaza alkateak aipatu zuenez, egia da aurten proiektuen exekuzio maila ez dela altua izan, baina hasi dira dagoeneko Komentuko obrak, eta beste bi proiektu ere hastear dira datorren urtearen hasieran, lizitatu baitituzte dagoeneko. 

Kiroldegiari dagokionez, proiektua "martxan" egon dela epeek baldintzatu dituztela aipatu zuen. Ostolazaren hitzetan, datorren urtean jasoko dira "egindako lanaren fruituak", etxebizitzaren alorrean, esaterako. 

Jakina den "ereduen talka" aipatu zuen, azkenik, alkateak. Azpikontratazioarena eta publifikazioarena, alegia. Zerbitzuak udal langileak ematearen alde daudela berretsi zuen Ostolazak. 

Azken lau urteotan egindako lana eskertu nahi izan zion, amaitzeko, Arantxa Gajate Ogasun zinegotziari.