Irantzu Lekueren 'Maitatzeko artea' erakusketa zabaldu dute Oxforden

Irantzu Lekue erdian alboetan Zumaiako Udaleko eta Gipuzkoako Itxaropen Telefonoko ordezkariak dituela. (Jabi Gonzalez Toston)

Zuhaitz batean oinarritutako artelana da erakusketaren ardatza eta honen sustrai eta adarretatik elkarlotzen diren ehunka osotok osatzen dute. Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren erkaguz diseinatu du artista gasteiztarrak elkartearen 35. urteurreneko ospakizunen barruan eta Zumaiako Udalaren babesa ere badu.

Irantzu Lekue artista gasteiztarrak sortutako 'Maitatzeko artea' erakusketa dagoeneko bisitatu daiteke Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Atzo aurkeztu zuten eta abenduaren 11ra arte izango da ikusgai 18:00etatik 20:00etara egunero.

Gerturatzen direnek zuhaitz berezi bat ikusiko dute: bertan, bihotz forma duten mezuak aurkituko dituzte. Elkarlotuta, ehunka hosto aterako dira horietatik. Horrekin, Lekuek islatu nahi izan duena da zuhaitzek elkar zaindu eta laguntzeko joera dutela, eta gizakiek ere modu berean jokatu dezaketela. Hain justu, horretan diharduen Gipuzkoako Itxaropen Telefonoarentzat egin duen artelana da elkartearen 35. urteurreneko ospakizunen barruan.

Gainera, artistak berak argitu du amaitu gabeko obra dela, parte hartzailea delako; izan ere, bertaratzen direnek zuhaitzera hostoak gehitzeko aukera dute nahi izanez gero. Hori bai, aurrez mezua idatzi behar dute hostoan bertan. Zentzu horretan, artistak jakinarazi du 40 eragiletik gora izan direla artelanean parte hartu dutenak, eta gonbiteak zabalik jarraitzen duela nabarmendu du: "Komunitatea osatzera bultzatu nahi du artelan honek. Horregatik, maitasunari edota giza harremanei buruz idaztera animatu nahi ditut bisitariak, elkarlanean zuhaitz erraldoia osatzeko".

Lekuek zehaztu du, halaber, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa izan zela harekin harremanetan jarri zena eta elkarrekin adostu zutela naturaren aldeko hautua egitea artelanerako. Horren harira, Maribel Pizarro elkarteko zuzendariak azaldu du giza-loturen garrantziaz hausnartzeko espazioak sortu nahi izan dituztela 35. urteurreneko ospakizunen barruan, eta, horregatik, egokia iruditu zailea artera jotzea: "Artelan honek ezin hobeto ilsatzen du helarazi nahi duguna, zeren, komunitarioa da pertsona ugari elkarrekin nahastea ahalbidetzen duelako".

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, bere aldetik, elkarteari eskerrak eman nahi izan dizkio egiten duen lanagatik: "Paradoxikoa dirudien arren, komunikazioaren aroan gauden honetan, komunikatzeko gero eta bitarteko gehiago ditugu, baina, aldi berean, gutxiago entzuten dugu elkar. Hori da, hain justu, itxaropenaren telefonoan egiten dutena: entzun, erabiltzaileen zama arintzen laguntzeko".