Eneko Carretero: "Oso urte gogorrak igaro ditut eskaladan"

Unai Ugartemendia | Berria 2022ko aza. 30a, 09:30
Argazkia: Unai Ugartemendia

Denboraldia amaitu ostean, atseden egun batzuk hartu ditu Eneko Carretero eskalatzaileak. Mikel Linazisororekin eta Esparta anaiekin batera, hura izan da Euskal Herriko eskaladako ikurretako bat azken bost urteetan. Nahiz eta pandemiaren urteak ez ziren onenak izan. Horren guztiaren inguruan aritu da Berria egunkariari emandako elkarrizketan.

The Factory Boulder rokodromoan da hitzordua Eneko Carretero eskalatzailearekin (Zumaia, Gipuzkoa, 2001), eta betiko irribarrearekin azaldu da. Astean bitan egiten du Zumaiatik Donostiarako joan-etorria. Ekipatzaile dabil han lanean. Hara sartzen den orok ezagutzen du. Euskal Herriko eskaladaren munduan abizen ezaguna da gaur egun Carreterorena.

Nolakoa izan zen Zailtasuneko Espainiako Txapelketa?

Azaroaren 18an eta 19an jokatu genuen, Getafen [Espainia]. Egia esan, txapelketatik ez nintzen batere gustura atera. Burua atsedenean pentsatzen jarrita neukan aspalditik, eta eskerrak urteko azken txapelketa izan zen! Denboraldia amaitzeko irrikaz nengoen. Gure denboraldia aspaldi amaitu zen, abuztuan, eta, entrenatzen ibili garen arren, ez ginen sasoirik onenean. Azkenean, bosgarren postuan amaitu nuen.

Blokeko Espainiako Txapelketa ere orain dela bi aste jokatu zenuen.

Bai, hura ere jokatu genuen. Caceresen [Espainia] izan zen txapelketa, eta kalean prestatutako horma batzuetan jokatu genuen. Han ere bosgarren amaitu nuen. Normalean, txapelketa bi egunetan jokatzen da: lehen egunean sailkapena, eta bigarrenean finala. Baina, oraingoan, txapelketa guztia egun batean jokatu genuen. Hasieratik egun txarra eduki nuen, eta finalerdietan jada oso nekatuta eta oso ahul sentitu nintzen. Finalean hilda nengoen! Urtea oso luzea egin zait.

Urte osoa kontuan hartuta, nola joan da denboraldia?

Ondo joan da. Ez ditut nire kirol bizitzako emaitzarik onenak lortu, bain, aurten, bi urteko etenaldiaren ostean, berriro ere nazioarteko lehiaketetara itzuli naiz. Blokeko zirkuitua osatu dut gehienbat. Munduko Kopako proba batean parte hartzeko aukera ere izan dut blokean, eta ia-ia finalerdietara igaro nintzen. 150 parte hartzailetatik, 29. sailkatu nintzen. Emaitza horrekin oso gustura geratu nintzen, eta konturatu nintzen banuela aukera finalerdietara pasatzeko. Orain dela urte pare bat oso urruti ikusten nuena gertuago ikusten dut orain. Oso serio hartu nuen denboraldia, eta oso motibatuta aritu naiz.

Hemen irakurri daiteke elkarrizketa.