Indamendik bi hitzaldi antolatu ditu datorren asterako

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 26a, 17:16
Juanjo Garbizuk asteartean eskainiko du hitzaldia.

Juanjo Garbizu eta Mikel Zabalza mendizaleek eskainiko dituzte solasaldiak datorren asteartean eta ostegunean, hurrenez hurren. Mendian lasai ibiltzeaz ariko da Garbizu, eta Himalaia alpino erara egiteaz, Zabalza. Bi hitzaldiak mendi bazkunaren 50. urteurrenaren egitarauaren barruan antolatu dituzte.

Indamendi Mendi Bazkunak bi hitzaldi eskainiko ditu datorren astean. Elkartearen sorreraren 50. urteurrena ospatzen ari da azken hilabeteetan, eta egitarau horren barruan kokatu dituzte hitzaldiok.

Aurreneko solasaldia Juanjo Garbizu mendizaleak eskainiko du asteartean, hilak 29. Irudiak proiektatuta eskainiko du saioa Garbizuk. Monterapia eta Slow mountain liburuak idatzi ditu donostiarrak, eta gogoeta egingo du mendian ibiltzeko moduaz: "Askotan aipatzen dugu estresatuak gaudela, arnasa hartzeko astirik gabe. Harrigarria bada ere, presa hori denbora librera eramaten dugu, mendira, hain zuzen. Erlojuari begira, tontor batetik bestera ziztu bizian. Noiztik ez duzu bibaken bat egin izarpean? Noiz utzi zenion benetako janaria mendira eramateari, horren ordez barrita triste hori eramateko?".

Bigarren hizketaldia Mikel Zabalzak eskainiko du ostegunean, abenduak 1. Antolatzaileek honela deskribatu dute mendizalea: "Eskarmentu handiko mendigoizalea da, Espainiako gazte alpinisten zuzendaria. 22 urtearekin egin zuen bere lehenengo igoera alpino eran Himalaian, Lempo Gan ,7.083 metroko mendi puska. Geroztika, ehundaka mendi igoera egin ditu munduko bazter guztietan, beti estilo dotorean... Himalaiako mendi baten igoera irudikatzen dugunean, burura etortzen zaizkigun irudiak, mendigoizale kuadrila handi baten lanak dira, sherpen lagintzarekin, soka tinko bati helduta, oxigenoa arnasten maskara batetik... Baina bada beste era bat Himalaismoa ulertzeko. Talde txikiak, kanpaleku, soka finko eta oxigenorik gabe, Alpeetako igoera baten modura, Alpino erara".

Bi saioak Aita Mari aretoan izango dira, biak 19:30etik aurrera.