Azaroaren 25a

"Antolatzen, espazio kolektiboak sortzen eta olatu feministak eragiten jarraituko dugu"

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 26a, 08:25

Herritar ugarik egin zuen bat atzo, Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, Zumaiako Mugimendu Feministak antolatutako manifestazioarekin. Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatu ziren, eta Erribera kalea eta paolbidea igaro ondoren, Ardantzabiden, Emakumeon Etxe aurreran amaitu zuten protesta irakurketa batekin.

Azaroak 25 zituen atzo, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna. Goiz partean ikasleek nola, iluntzean herritarrek egin zuten emakumeenganako indarkeriaren kontrako protesta. Zumaiako Mugimendu Feministak egin zuen deialdia, eta jende ugarik egin zuen bat manifestazioarekin. Hori 19:00etan abiatu zen Eusebio Gurrutxaga plazatik Erribera alderantz, Indarkeria matxistaren aurrean autodefentsa feminista lelopean.

Paolbidera jo zuten manifestariek, eta ondoren Ardantzabidera, Emakumeon Etxe aurreko plazan amaitzeko protesta.

Irakurketa motza eta argia

Irakurketa motza eta zuzena egin zuten han. "Indarkeria matxistak hamaika forma har ditzake, eta etengabe mekanismo ezberdinak jartzen ditu martxan indarkeria hori aplikatzeko. Ikusi besterik ez dago, pasa berri den udaran, batez ere jai giroan jasandako eraso matxisten harira gertatutakoa; kontrol sozial etengabea, beldurrean oinarritutako mezu eta neurriak, poliziaren presentzia neurrigabea… Aipatutako erasoez gain, indarkeria matxistak hartzen dituen beste hamaika forma salatzera ere atera gara kalera; indarkeria instituzionala, lan esparruan jasatzen duguna, etxean jasaten duguna, heteroarautik ateratzearren jasaten duguna... aski da!".

"Erantzukizuna eta ardura gizonengan jarri nahi dugu", jarraitu zuten –manifestazioan gizonezko asko zeuden–. "Olatu feministak iritsi zirenean, gizon batzuek ondo ikasi zituzten diskurtso eta azaleko jarrerak. Lotsarik gabe erabili dituzte ikasitakoak. Patriarkatua ere ez da lotsatu. Ez da aldatu, bere horretan jarraitzen du; olatu feminista bakoitzak lortutako garaipenen aurrean oldartu egiten da. Bada garaia dagokizuon ardura hartzeko!".

Amaitzeko, antolatzearen beharra eta horrek ematen dien boterea azpimarratu zituzten. "Urteak daramazkigu indarkeria horiei guztiei aurre egiteko antolatzen eta borrokatzen. Badakigu hori dela bidea: gure arteko sareak eraiki, elkar zaindu, borroka komunak martxan jarri, ardurak hartu, gizonak interpelatu eta sistema errotik aldatzeko bideak eraiki. Autodefentsa feminista da horretarako dugun tresna eraginkorrena eta antolakuntza faministaz boteretuko gara. Bide horretan jarraituko dugu; antolatzen, espazio kolektiboak sortzen, olatu feministak eragiten. Ezin daitekeelako uka feminismoak duen gaitasun politizatzailea eta sistema iraultzeko duen indarra. Kaleak hartzeko prest gaude eta ez gaitu inork geldituko, ez gaituzue geldituko".

Indarkeriaren kontrako abesti bat entzun zen ondoren, eta txalo zaparradekin amaitu zen ekitaldia.