Iñaki Orejaren lan batean oinarritutako musika sortu du konpositore estatubatuar batek

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 27a, 10:42
Kontzertuko une batekin, margoaren irudiarekin eta artistaren argazkiarekin egindako fotomuntaketa. (Iñaki Oreja)

Distantziatik bada ere, New Yorken egindako ekitaldi birtual batean parte hartzeko aukera izan zuen Iñaki Oreja Aizpurua margolari zumaiarrak. Margin Alexander konpositore eta pianista estatubatuarrak kontzertua eman zuen YouTube bidez, eta artista zumaiarraren lan batean oinarritutako konposizioa jo zuen bertan. 

Margin Alexander konpositore eta pianista estatubatuarrak kontzertu bat eman zuen azaroaren 10ean YouTube bidez. As winter comes (Negua datorren bitartean, ingelesez) izena jarri zion emanaldiari, eta bertan gustukoak zituen hamalau artelanek inspiratutako konposizio bana jo zuen. Artelan horietako bat Iñaki Oreja Aizpurua zumaiarrarena izan zen. 

Musikaria Instagram bidez jarri zela harremanetan margolariarekin dio Iñaki OA izen artistikoarekin sinatzen duen artistak. "Egiten ditudan lanak bertan erakusten ditut, irekian, eta haietako batean iruzkin bat jarri zuen pertsona honek, eta mezu zuzen bidez harremanetan jartzeko baimena eskatu zidan. Dirudienez, musikari hau bere lana inspiratuko duten artelanen bila ibiltzen da Interneten", adierazi du Orejak.

Mezu partekatze baten ondorioz jakin zuen Orejak Margin Alexander musika eta artea uztartzen dituen emanaldiak eskaintzen zituela jakin zuen Orejak, bere lan bat, Sueño de Feneco (Fenecoren ametsa) asko gustatu zitzaiola, eta hartan oinarritutako konposizio bat prestatu eta jo nahi zuela. Horretarako aukeratutako obraren bereizmen handiko argazki bat bidali beharko zuen zumaiarrak. 

'Sueño de Feneco', Iñaki Orejaren margoa. 

Internet bidez emandako kontzertua azaroaren 10ean izan zen, New Yorketik (AEB), eta, esan bezala, Orejaren lan horretan oinarritutako konposizioa jo zuen musikarik. Beste hamahiru artistaren lanetan oinarritutako musika ere jo zuen Alexanderrek kontzertu horretan. Pieza bakoitzaren hasieran eta bukaeran, gainera, lan horrek musikarian eragindako sentsazioen berri ere eman zuen. Orejaren lanari dagokionez, Instagramen aurkitu zuela azaldu zuen Alexanderrek. "Oso profetikoa da, ia mitikoa, suerrealista samarra. Modernoa dirudien lana da, eta aldi berean tradizionala", azaldu zuen musikariak pieza jo aurretik. "Feneco desertuan bizi den azeria da; desertuko idortasuna atzean utzi nahi du ur garbien mendiekin amets egin. Horregatik, harmonia batzuk eskaintzea erabaki nuen". 

Hemen ikus daiteke kontzertua. Orejaren lanarekin lotutako zatia 7:20 minututik aurrera ikus eta entzun daiteke. 

Esperientzia "puntazo" bat izan dela dio Orejak. "Garbiñe [Arrieta] New York bertan izan zen, eta ni era birtualean, baina azkenean bion lana izan da New Yorken", azaldu du Iñaki Orejak. Frantziako hegoaldean izango duen erakusketa bat prestatzen ari dela ere iragarri du artista zumaiarrak.