28.000 euroko dirulaguntza jaso du udalak itsas kiroldegia berritzeko

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 25a, 16:00
Itsas kiroldegiko isolamendu termikoa hobetzeko lanak egin dira.

Aldundiko Kirol Departamentuak lurraldeko kirol ekipamenduetara bideratutako funtsetatik jasoko du kopuru hori Zumaiak. Horrez gain, Azkoitiak, Getariak eta Zarautzek ere izango dituzte laguntza; Aldundiak 256.000 euro eman ditu orotara Urola Kostako proiektuetarako. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak 28.000 euro eman dizkio Zumaiako Udalari itsas kiroldegia berritzeko lanak finantzatzen laguntzeko. Isolamendu termikoa hobetzea helburu duten lanak abiatu ditu udalak bertan, eta 62.000 euroko aurrekontua dute. Jasotako dirulaguntzak, beraz, gastu horri aurre egiten lagunduko dio.

Aldundiak hainbat laguntza ildo ahalbidetu ditu azken urteetan lurraldeko kirol instalazioak hobetzeko, eta, aurten, ohiko kirol-ekipamenduak ordezkatzea, lekualdatzea, birmoldatzea, handitzea eta birgaitzea erraztu nahi izan ditu. Hala, 256.000 euro bideratu ditu orotara Urola Kostara. Izan ere, Zumaiak jasotako dirulaguntzaz gain, Azkoitiak, Getariak eta Zarautzek ere jaso dituzte funtsak. Harkaitz Millan Kiroletako diputatuaren hitzetan, "jarduera fisikoa egiteko hurbileko espazioak edukitzea biztanleriaren jarduera mailetan eragina du". Horregatik, espazio aproposenak eskaini nahi dizkietela azald du diputatuak.