Larretxoko bizilagunekin bilera egingo du asteartean udalak, Itzurunbideko igogailuaz

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 27a, 09:00
Itzurunbidean kokatuko dute bigarren igogailua. (Zumaiako Udala)

Larretxo auzoa eta San Telmo kalea lotzen dituen igogailua bukatu eta gero, bigarren igogailuaren proiektuari heldu dio udalak, Itzurunbidekoari. Proiektu horren proposamena azaltzeko bilduko da Larretxoko bizilagunekin. 

Larretxoko irisgarritasuna hobetzeko lanean ari da udala azken urteotan. Lehen pausoa gauzatu ondoren –abuztutik erabilgarri da Larretxo eta San Telmo arteko igogailua–, bigarrenari heldu dio orain, Itzurunbide eta Larretxo lotuko dituen igogailuaren proiektuari, alegia.

Proiektuaren ideia lehiaketa antolatu zuen udalak irtenbide egokiena aurkitu asmoz, eta lehiaketa hori irabazi zuen enpresarekin lanean aritu da udala. Azaldu dute bizilagunen ekarpenak kontuan hartuta proiektua moldatu egin dutela, eta plaza berdearen bi ertzetan malda irisgarriak eginez, San Telmo kaleko igogailua eta Larretxoko plataforma laua elkar daitezkeen aztertzen aritu direla. 

Proiektuaren inguruko xehetasunak azaltzeko, udal ordezkariak, teknikariak eta igogailuaren proiektuan lanean dabiltzan teknikariak Larretxoko bizilagunekin bilduko dira asteartean, hilak 29. Udaletxeko pleno aretoan izango da bilera, 18:00etan.