Rockero zaharrak ez dira inoiz hiltzen

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 24a, 10:40

Urola Kostan sortutako lehen rock taldeak omendu dituzte bart goraino bete den Modelo aretoan. Leok'k musika taldeak antolatu du ekitaldia eta oso pozik agertu dira jasotako erantzunarekin.

Atzera begirako emanaldi hunkigarria hartu zuen atzo iluntzean Modelo aretoak, eta ekitaldiaren antolatzaileak oso gustura agertu dira biharamunean: "Aretoa bete ez bazen gutxi falta izan zitzaion, bost bat eserleku baino ez ziren izango hutsik geratukoak. Dena den, jendearen erantzuna izan zen alderdirik onena. Hunkigarria izan zen oso emanaldia, askok aspaldi alboratutako bizipenak biziberritu baitzituzten", azaldu du David Gorospek. Horrez gain, zorion mezu ugari jaso zituztela ere nabarmendu du.

Hain justu, Gorospe kide duen Leok'k musika taldearen ekimena izan zen ekitaldia, eskualdean sortutako lehen rock taldeak omendu nahi izan zituzten: Azpeitiko Egan ezaguna, Orioko Haika, Zarauzko Sombras Azules, Montis, Fint Glass, Dalton eta Algas, Zestoako Leok’k eta Mini Leok’k eta Zumaiako Erupcion. Horiez gain, UrolaKostakoa ez den talde bati ere egi zioten aitortza: Elgoibarko Expresion Sonorari, hain zuzen ere.

Saioari hasiera emateko, Gorospek berak egindako Rockaren sorrera gogoan bideo erreportajea eman zuten. Ondoren, Leok'k-ek bere azken diskoa, Bizirik hala ere, aurkezteko kontzertua eman zuen. Amaitzeko, berriz, omendutako talde bakoitzari oroigarria eman zion Irune Urbieta Kultura zinegotziak.

Argazkiak: Alberto Frantzesena eta utzitakoak