Bandaren doinurik gogorrenak

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 24a, 10:09
Harkaitz Bastarrika, Edu Perez, Joxe Mari Azkue eta Andrea Perez. Argazkia: Juan Luis Romatet

Rock eta heavy estiloetara bidaia egingo du Zumaiako Musika Bandak larunbatean, Santa Zezilia egunaren aitzakian, Zumaienako aretoan emango duen kontzertuan.

Metallicak San Francisco Symphonic Orchestrarekin bi disko atera baditu, Deep Purple taldeak The Royal Philharmonic Orchestra esanguratsuarekin kontzertuak eman izan baditu eta Scorpions taldeak Berliner Philharmonikerrekin, Zumaiako Musika Bandak zergatik ez du bada rock gogorreko edota heavy metaleko abesti ezagunez osatutako kontzertu bat emango? Pentsatu eta egin. Joxe Mari Azkue zuzendari duen musika taldeak ZUMB rocks kontzertua emango du etzi, 19:00etatik aurrera, Zumaiena ikastetxeko aretoan. Emanaldia Santa Zezilia egunaren harira antolatu dute, gainera.

Kontzertuaren programa erabakitzeko orduan bandak azken emanaldietan eskainitako errepertoriotik nolabait ihes egin dezakeela argitu du Azkuek. "Bandak eman dituen azken kontzertuak nahiko klasikoak izan dira, Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin Musika Jaialdiaren barruan eman genuena izan ezik. Errepertorioari buelta bat ematea egokia zela ikusi genuen. Rockerako eta heavyrako zer partitura dauden aztertu genuen, eta horren arabera prestatu dugu kontzerturako programa".

Hala, rockaren hastepenetatik XX. mende amaiera bitarteko hainbat ereserki entzuteko aukera izango dute Zumaienara joaten direnek. Led Zeppelinetik hasita, Guns n’ Roses, Black Sabbath, Scorpions, Ozzy Osbourne, Metallica edo Deep Purple taldeen abestiak entzungo dituzte, betiere bandara moldatuta. "Queeni ere tartea egingo diogu. Nahiko kontzertu kañeroa izango da", gaineratu du Azkuek.

Bandako kideek ere ondo ikusi dute erregistro aldaketa. Edu Perez perkusionistaren kasua da hori: "Heavya naiz, baina esango nuke heavy melodikoa dudala gustuko, eta ez hainbeste gogorra. Pasodobleak eta zarzuelaren bat jotzea ondo dago, baina erregistroa aldatuta heavyan sartzea ere bai. Gainera, nire kasuan, nirera ekarriko dut. Batez ere, belarritik joko dudalako, beti entzun dut eta musika hori".

Gonbidatu bereziak izango ditu Zumaiako Musika Bandak larunbateko kontzertuan. Hala, TikTara taldeko kide Harkaitz Bastarrikak joko du gitarra, eta banda bertako kide den Andrea Perezek [Edu Perezen alabak], instrumentua aldatuko du etziko emanaldirako: baxu elektrikoa joko du oraingo kontzertu honetan. "Hasieran ahotsak gehitzea ere pentsatu genuen, baina ez, azkenean protagonismo guztia bandako kideei emango diegu".

Zailtasunik handiena ahotsen hutsunea instrumentuekin betetzea izango dela uste du zuzendariak. "Abesti hauek rock taldearentzako eta abeslarientzako konposatuta daude. Hutsune hori betetzea %100ean lortzea zaila izango da; azkenean, hitzekin espresatzen duzun hori instrumentuekin betetzea ezinezkoa delako. Erronkarik handiena hori izango da".

Erlazionatuak

Banda 'ZUMB rocks' kontzertua entseatzen

Juan Luis Romatet 2022 aza 24 Zumaia