Eskualdeko lehen rock taldeak omenduko dituzte gaur Zarautzen

David Gorospe bere etxeko estudioan. (Jabi Gonzalez Toston)

Urola Kosta irauli zuten 11 musika talderi aitortza egiteko saio hunkigarria prestatu du Leok’k musika taldeak. Bideoa eta kontzertua eskainiko dituzte 20:00etan Modelon.

Emanaldi berezia prestatu dute Leok’k musika taldeko kideek gaur iluntzerako. Izan ere, beren azken lana aurkeztearekin batera, eskualdeko musika irauli zuten lehen rock taldeak omenduko dituzte. Horretarako, 20 minutu pasatxo irauten dituen Rockaren sorrera gogoan dokumentala sortu dute.

David Gorospe taldeko bateria jotzailea da saio hunkigarri honen ideologoa, eta azaldu duenez, hiru zati izango ditu: "Hasteko, osatu dugun bideoa erakutsiko dugu, eta ondoren, kontzertua emango dugu, Bizirik hala ere diskoa aurkezteko. Azkenik, Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Kultur zinegotziak oroigarria emango dio bideo erreportajean jaso ditugun taldeetako ordezkari banari".

1960ko hamarkada amaieran eta 1970ekoan sortu ziren taldeak dira omenduko dituztenak: Azpeitiko Egan ezaguna, Orioko Haika, Zarauzko Sombras Azules, Montis, Fint Glass, Dalton eta Algas, Zestoako Leok’k eta Mini Leok’k eta Zumaiako Erupcion. Horiez gain, eskualdekoa ez den talde bat ere sartu dute: Elgoibarko Expresion Sonora. Halaber, nahita baztertu duten talderik ere bada: "Norbaitek esan dezake Zarauzko Surf taldea falta dela, baina iruditu zaigu ez zuela rocka egiten, eta nahita utzi dugu kanpoan", arrazoitu du Gorospek.

Musikaria bera da dokumentalaren egilea, eta taldeei material grafikoa eskatuta osatu du. Horretarako, banan-banan jarri da harremanetan guztiekin, eta harrera bikaina jaso duela dio: "Ideia ona iruditu zaie, eta eskerrak eman dizkidate. Gainera, materiala eskatzerakoan sekulako prestutasuna agertu dute".

Belaunaldi aldaketaren isla

Argazki zaharrak eta taldea identifikatzeko abesti bat aukeratzea izan da Gorospek talde bakoitzari eskatu diona. Zentzu horretan, gehienek haienak ez diren abestiak aukeratu dituzte; azken finean, atzerritik iritsi ziren erritmo berriek bultzatuta murgildu ziren rock musikan. Horregatik, eskualdean sortu ziren lehen talde haiek bertsioak jotzen zituzten hasieran. Euskaratu arren, oinarrian atzerriko abestien moldaketak ziren. Bada hori da, hain justu ere, Gorospek dokumentalean jaso nahi izan duena: "Bideoak garai hartan eman zen aldaketa erakusgarri izatea nahi dugu".

Hartutako lanak memoria ariketa propioa egiteko ere balio izan dio bateria jotzaileari: "Zestoara telebista ekarri zuen lehenengo etxeetako bat izan zen nirea, eta gailu hari esker ordura arte sekula ikusi gabeko musika tresnak ezagutu nituen. Telebistak inguruan ez genuena etxera ekartzen zigun, nolabait esateko. Hala, bateria bat inprobisatu nuen etxean originalak sortzen dituen soinuak imitatu nahian", oroitu du.

Halaber, ondo gogoan du nola liluratzen zuten anaiak etxera ekartzen zituen atzerriko diskoek. Aitarentzat, aldiz, zarata baino ez omen ziren. "Agerikoa zen belaunaldi arteko haustura, eta ez soilik musikan, gure janzkera ere ez zuten begi onez ikusten".

Zestoan bertan ere bazuen aho zabalik uzten zuen musika taldea Gorospek: Leok’k. Egun, bera da taldeko bateria jotzailea, baina ezagutu zituenean adinez nagusiagoak zirenez, entseguak ikustearekin konformatu behar izaten zuen: "Orduak pasatzen nituen haiei begira plazatik mugitu gabe, eta nirekin batera beste gaztetxo batzuk ere egoten ziren. Behin, probatu nahi ote genuen galdetu ziguten eta Mini Leok’k deitzen ziguten".

Aurkezpen kontzertua

1968an jaio arren, 2006an kaleratu zuen bere lehen diskoa Leok’k-ek. Gerora beste lau atera ditu, eta Bizirik hala ere da azkena. Udan ikusi zuen argia, baina taldeak apenas eskaini du zuzeneko emanaldirik. Hain justu ere, horixe da gaurko ekitaldiaren beste helburua, abesti berriak jendaurrean eskaintzea.

Kale Kultura eta Artearen Lagun Elkarteak Iñurritza auzoan antolatutako aurkezpen ekitaldian jotzekoak ziren irailean, baina jaialdi hura bertan behera geratu zen euria zela eta. Plana aldatu zen arren, aurrera egitea erabaki zuen musika taldeak, eta zerbait berezia antolatzea otu zitzaien taldekideei. Horrela jaio zen gaurko Modeloko hitzordua; 20:00etan hasiko da ekitaldia.