Azaroaren 25a

11 indarkeria matxista kasuren berri izan du udalak aurten

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 23a, 15:00
Sexu eraso baten aurkako protesta, Saregileen plazan, artxiboko irudian.

Kasu horietako batean, emakume talde bat izan da erasoa jasan duena. Bederatzi kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuek, eta aurreko urteetako zortzi kasuren jarraipena egin. 

Heltzear da azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta udalak dagoeneko jakinarazi ditu aurten zenbatutako indarkeria matxista kasuak. Hain zuzen, 11 kasuren berri izan dute Gizarte Zerbitzuek 2022an, baina kasu horietako batean, erasoa emakume talde batek jasan duela ohartarazi du udalak. 

Bederatzi artatu dituzte, 11 horietatik, Gizarte Zerbitzuek, aurreko urteetan gertatutako zortzi kasuren jarraipena egiteaz gain. Bi kasutan, gainera, seme-alabak ere izan dira tartean, eta horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzen jotzen ditu udalak. 

Azaldu dute indarkeria matxistak ez duela adin konkreturik, eta edozein emakumeri egin diezaioketela eraso. Izan ere, Zumaian 9 eta 74 urte bitartekoak dira aurten erasoa jasan duten emakumeak. Adinekoek zein haurrek jasaten dituzten kasuak "ezkutuan" geratu ohi direla eta mahai gaineratu nahi izan du udalak adinaren datua. 

Kasu bat nabarmendu nahi izan du, horien artean, udalak. 11 kasu horietatik batean haur bat izan da erasoa jasan duena, eta familiarteko gizon bat izan da erasoa egin duena. Udalaren hitzetan, indarkeria psikologikoa jasan du haurrak, eta azpimarratu du haurtzaroan edo nerabezaroan pairatutako indarkeriaren detekzioa eta lehen arreta ezinbestekoak direla. Bestalde, gaineratu dute kasu gehienetan ez dela salatzen, ezta notifikatzen ere. 

Erasoa jasan duten emakumeen eta erasoa egin duen gizonaren arteko harremanari dagokionean, sei kasutan ezkontidea, bikotea edo bikote ohia izan da erasotzailea. Bi kasutan, familiarteko bat; kasu batean, ezaguna; eta bi kasutan, ezezaguna. Datuok frogatzen dute gehienetan gertuko gizonengandik jasaten dituztela erasoak emakumeek.

Zumaiako Udalak nabarmendu nahi izan du, bestetik, indarkeria matxistak askotariko formak izan ditzakeela. Aurtengoan, bik indarkeria fisiko eta psikologikoa jasan dute; bost emakumek, psikologikoa, eta bik, sexu indarkeria. Sexu indarkeria jasan duten emakumeak gazteak direla zehaztu du udalak, 16 eta 19 urte bitartekoak, hain justu. Eta bestelako erasoak ere izan dira: ziztada kasu bat eta emakume talde bati egindako intimitatearen aurkako erasoa.  

Gizarte Zerbitzuetan arreta jasotzeko ez da beharrezkoa salaketa formala jartzea –11 kasu horietatik lau kasutan bakarrik jarri da–. Udalaren hitzetan, datu horiek erakusten dute "eremu judizial eta polizialean hutsuneak daudela" eta "asko dagoela egiteko".  

Ertzaintzaren arabera, zortzi kasu

Gizarte Zerbitzuek bakarrik ez, Ertzaintzak ere zenbatzen ditu indarkeria matxista kasuak. Zortzi izan dira poliziak zenbatutakoak, baina ez dute kasu horiek Gizarte Zerbitzuen berak diren ala ez jakiteko modurik. Udalak azaldu du "instituzioen arteko elkarlanean hutsuneak" adierazten dituela horrek, eta bide horretan aurrera egiteko konpromisoa hartu duela. 

Indarkeria egiturazkoa

Udalak gogorarazi nahi izan du indarkeria matxista kasu gehienak ez direla instituzioetara iristen, eta kasu bakarra ere asko litzatekeela. 

Era berean, "indarkeria matxistaren egiturazko izaera" azpimarratu du. "Emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio" dira kasuak, isolatuak izatetik urrun. Izozmendi baten antzerakoa da indarkeria, udalaren hitzetan: "Erailketak ikusten ditugu, baina horren oinarria egunerokoan emakumeok bizi dituzten mila eraso ezberdinek osatzen dute".

Indarkeriari aurre egitea herritar guztien ardura dela esan du udalak, bestetik. "Emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu eta subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatzeaz gain, gizonek ere ardura hartu eta beren pribilejioen inguruan hausnartu dezaten ezinbestekoa da. Horrez gain, ezinbestekoa da bizitzako arlo guztietan gai honen inguruko prebentzioa eta lanketa egitea, errotiko aldaketa bat emateko behar-beharrezkoa biata lanketa etengabea egitea", gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira antolatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, baita Mugimendu Feministak egingo duen mobilizazioan parte hartzera ere.