Olharan eta Imanol Lopez izan dira Jai Alai World Tour zirkuituko irabazleak

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 21a, 08:00
Sari banaketa ekitaldiko unea. Argazkia: Club Deportivo Bilbao

Bi setetan irabazi zieten Olharanek eta Lopezek Erkiaga eta Etchetori ostiral gauean Bilbon jokatutako finalean. 

Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuituko finala jokatu zen pasa den ostiralean Bilboko Deportivo frontoian. Aspaldiko partez hartu zuen Bizkaiko hiriburuak pilota modalitate honetako partida bat. 

Zirkuituan onenak izan diren lau puntistak neurtu ziren azken partidan: Olharan eta Imanol Lopez zumaiarra batetik, eta Erkiaga eta Etcheto bestetik. Olharan eta Lopez hobeto moldatu ziren Bilboko pilotaleku historiko honetan jokatutako partidan. 10-5 emaitzarekin aurretik jarri ziren Pauekoa eta Zumaiakoa lehen setean eta horrek lasaitasuna eman zien. Urdinez jokatu zuten Erkiagak eta Etchetok erreakzioa izan zuten eta hurreratu ziren markagailuan, baina ez zen nahikoa izan seta irabazteko: 15-13 emaitzarekin irabazi zuten lehen seta frantziarrak eta zumaiarrak. 

Bigarren seta berdinduagoa izan zen. Ez zen dominatzaile garbirik izan eta hamabinako berdinketaraino parez pare ibili ziren bi bikoteak. Amaierako hiru tantoak, baina, gorrientzako izan ziren, eta 15-12 emaitzarekin garaile izan ziren setean, eta 2-0ekin irabazle zirkuituan.