Elikagaien xahuketa murrizteko kanpainari ekin dio UKUEk

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 20a, 10:00
UKUEko lehendakari Lourdes Salsamendi, kanpainaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Doako sukaldaritza tailerrak egingo dituzte datorren astetik aurrera Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian, herritarrak gaiarekin kontzientziatzeko. Era berean, lankidetzan aritu dira supermerkatuekin eta ostalariekin; azken horietan janaria eramateko tupper edo ontziak banatu dituzte.

Elikagaien xahuketa saihesteko kanpaina jarri du abian Urola Kostako Udal Elkarteak, hondakin gisa kudeatzen diren elikagaien kopurua murrizteko eta soberakinen aprobetxamendua sustatzeko helburuarekin, baina batez ere herritarrak gaiaren inguruan kontzientziatzeko asmoz. Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak nabarmendu du lan handia egin dela azken urteotan hondakinen alorrean, baina orain urrats bat gehiago egiteko garaia dela zehaztu du: "Aurre-lanketa egin behar dugu, elikagaiek zaborretan amaitu ez dezaten. Horretarako soberakinak sortzea saihestu behar dugu".

Kanpaina abian jartzeko, Urola Kostan egindako elikagai-xahuketaren diagnosia hartu du oinarri Udal Elkarteak. Munduan ekoitzitako janariaren herena alferrik galtzen da: urtero 1.300 milioi tona. Kosta bailara, berriz, 7.900.000 kilo dira xahutzen direnak. Elikagaien xahuketa horri xahutzen den ur kopurua, diru kopurua edota isuritako CO2 kopurua gehitu behar zaizkio, hau da, 1.100.000 m3 ur, 13.200.000 euro eta 19.800.000 kilo CO2 urtero, hurrenez hurren.

Ondorio horietatik abiatuta, hainbat ekintza eta jarduera aurreikusi dituzte kanpainaren barruan, herritarrak gaiaren garrantziaz jabetzeko. Lehena, hondakin bilketako kamioien errotulazioetan aipatu datu esanguratsuak erakustea izan da, irudi ikusgarri bezain iradokitzaileekin. Datorren astean hasita, gainera, sukaldaritza tailerrak egingo dituzte Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako elkarte gastronomikotan. Saioetan elikagaien xahuketaren inguruko azalpenak emango zaizkie parte hartzaileei, eta jarraian, errezeta bat kozinatuko dute.

Tailerretan edozein herritarrek har dezake parte, aurrez izenik eman gabe, eta bertaratzen direnek amantala eta elikagaien xahuketaren inguruko gida informatiboa jasoko dute. Horrez gain, parte hartzaile guztien artean 100 euroko hiru bonu zozkatuko dituzte, eta irabazleek kanpainara atxiki diren taberna zein jatetxeetan erabili ahal izango dute saria. Era berean, UKUEren Ingurumen sailaren Instagram kontuan ere (@ukueingurumena) beste 100 euroko bonu bat zozkatuko dute.

Tailerretako egutegia ondorengoa da: azaroaren 21ean, astelehenean, 17:00etan, Aiako Alkar elkartean; azaroaren 22an, asteartean, 17:00etan, Orioko Muskulu elkartean; azaroaren 23an, asteazkenean, 10:00etan, Aiala sukaldaritza eskolan; azaroaren 24an, ostegunean, 17:00etan, Zumaia Txoaskina elkartean; azaroaren 29an, asteartean, 17:00etan, Galeperra elkartean; eta abenduaren 1ean, ostegunean, 17:00etan, Getariako Arrantzale Zaharren elkartean.

Aprobetxamendurako

Sukaldaritzako tailerrez gain, lanketa berezia egin du Udal Elkarteak supermerkatuekin eta ostalariekin. Hain zuzen ere, hondakin gehien sortzen duten bailarako hamabost supermerkatu bisitatu ditu, eta horiek xahutzen dituzten elikagaien zenbatekoa aztertu du, haien soberakinak nora bideratzen dituzten jakiteko. Salsamendik jakitera eman duenez, UKUEren asmoa da sobratutako elikagai horiek dohaintzan emateko zirkuitu bat martxan jartzea etorkizunean, elikagaien aprobetxamendua indartzeko.

Halaber, bost udalerritako 200 taberna eta jatetxe bisitatu dituzte, eta kanpainan parte hartzen dutenen artean tupperrak edota ontzi eramangarriak banatuko dituzte bezeroek sobratu zaien janaria etxera eraman ahal dezaten. Kasu honetan ere, supermerkatuekin bezalaxe, dohaintza zirkuitu bat martxan jartzeko aukera aztertzen ari dira. Ildo horretan, azaroaren 30ean ostalarietako jabeekin mahai ingurua bat antolatu dute Urola Kostako Udal Elkartean, elikagaien xahuketaren inguruko azalpenak eman eta xahuketa murrizteko gakoak elkarbanatzeko.

“Oso kontuan izan behar da kontsumitzeko egokiak diren janariak hondakin gisa kudeatzeak sortzen duen ingurumen, gizarte eta ekonomia inpaktua. Hori guztia zaintzea guztion ardura da eta hori hobetzeko edozein keinu txiki da baliotsua", azpimarratu du Salsamendik. Elikagaien xahuketa saihestearekin batera, ur gutxiago erabili, dirua aurreztu eta CO2 isuriak murrizteko pausoak ematen dituela herritarrak gaineratu du.