'As bestas' eta 'Nire zirkua' filmak emango dira asteburuan Aita Marin

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 19a, 09:00

Bi film emango dira asteburu honetan Aita Mari zinema aretoan: helduentzako As bestas eta haurrentzako Nire zirkua.

Helduentzako eta haurrentzako film bana emango da asteburu honetan Zumaiako zinema aretoan. Helduek Rodrigo Sorogoyen zinemagile esanguratsuaren As bestas filma ikusteko aukera izango dute; haurrek, berriz, Nire zirkua pelikula.

Espainiako zinemagintzak azken hamarkadan eman duen zuzendari garrantzitsuenetakoa da Rodrigo Sorogoyen. Bereak dira Que dios nos perdone edo El reino filmak, baita telebistarako egindako Antidisturbios telesaila ere. As bestas de oraingoz bere azken lana (Apagon telesailean ere parte hartu du aurten), eta Galiziako landa eremuan girotuta dago. Galiziako herrixka horretako giroa erabat nahastuko da Frantziako bikote bat bertara bizitzera joango denean. 

Filma Canneseko zinema jaialdian aurkeztu zen maiatzean. Irailean Donostiako Zinemaldian ere erakutsi zuten –Ikuslegoaren Saria jaso zuen–, eta Tokiokoan film, zuzendari eta aktore (Denis Ménochet) onenaren sariak jaso zituen.

Larunbatetik astelehenera bitartean 19:30ean emango da. Sarrerak hemen eros daitezke aldez aurretik. 

Igande arratsaldean, berriz, haurrentzako zinema saioa izango da Aita Marin. 17:00etan hasita, Nire zirkua film kanadarra emango da. Zirkuko familia batean jaioa, 12 urteko Laurak bere bizitza gaztearen zati handi bat biran eman du, Bill aita bakar eta pailazo profesionalarekin. Baina, ezkutuan, bizitza tradizionalago bat amesten du. Bere ahalmen akademikoa aitortzen dion irakasle berriari esker, Laurak bere ametsa betetzea lortzen du: eskola pribatu batera joatea... Bill espiritu libreak onar dezake "bere neska txikia" beste ezpal batekoa dela?

Hemen eros daitezke filmerako sarrerak.