Udazken Sarian arituko dira Zumaiako puntista gaztetxoenak

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 17a, 14:00
Abenduaren 18an jokatuko da txapelketako jardunaldia Zumaian. Argazkia: Juan Luis Romatet

Benjamin, kimu eta infantil kategorietako puntista gazteei zuzendutako Udazken Saria abiatuko da asteburu honetan. Zumaiako zesta-punta eskolako pilotari batzuek ere parte hartuko dute. 

Gipuzkoako puntista gaztetxoenei zuzendutako Udazken Saria hasiko da asteburu honetan, Mutrikun eta Tolosan. Benjamin, kimu (A eta B) eta infantil kategorietako puntistak lehiatuko dira bertan. Txapelketako finalak urtarrilan jokatuko dira Tolosan. 

Harrobiko puntistei zuzendutako lehia honek badu berezitasun bat: puntistek izenak klubaren bidez ematen dute, baina kantxaratzerako orduan norbera ordezkatzen dute. Partidak bikoteka jokatuko dira, baina bikoteak jardunaldiro aldatzen joango dira. Antolatzaileen esanetan, bikoteak zozketaren bidez erabakiko dira eta puntuazioa pilotari bakoitzari egokituko zaio, ez bikoteari. "Klub desberdinetako pilotariak nahastu nahi ditu txapelketa honek, denek denen aurka eta elkarrekin jokatzeko aukera emanaz. Maila orekatzen laguntzen da, era berean, eta lehia bereziagoa sortzen", adierazi dute antolatzaileek.

Beotibar, Danok Bat, Donostia Jai Alai, Gazteleku, Hondarribia eta Zumaia klubetako puntistek hartuko dute parte aurtengo txapelketan. Zumaiari dagokionez, Bergara arituko da kimu A kategorian, eta Silveti, Watkins, Enbil eta Goñi infantiletan.

Mutrikuk eta Tolosak hartu dituzte igandean lehen jardunaldiko partidak. Zumaian abenduaren 18an jokatuko da jardunaldia, kimu A eta infantil kategoriakoa.