Euskaraldia dela eta, galdera-erantzunen jokoa egingo du Baleike.eus-ek

Erredakzioa 2022ko aza. 17a, 17:00

Euskaraldiari bultzada emateko, galdera-erantzunen jolasa antolatu dute Baleike.eus-ek eta Zumaiako Euskaraldiak elkarlanean. Biharko 12:00etan jarriko da jokoa martxan, eta hainbat galdera erantzun ahal izango dituzte herritarrek Euskaraldiak irauten duen bitartean. Bi sari irabazi ahal izango dituzte parte hartzaileek.

Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) Euskaraldiari buruzko lehiaketak jarriko ditu martxan bihar, ostiralarekin, eta horietako bat Baleike.eus webgunean izango da. Hain zuzen ere, Baleikek eta Zumaiako Euskaraldiak antolatuta, hainbat galdera erantzun ahal izango dituzte herritarrek –galdera guztiak erantzun behar dira, baina horretan igarotako denbora ez da kontuan hartuko– Euskaraldiak irauten duen bitartean.

Biharko 12:00etan izango da martxan galdera-erantzunen jokoa, eta hainbat sari banatuko dira parte hartzaileen artean. Galdera guztiak zuzen erantzuten dituzten herritarren artean Euskaraldiko produktuen sorta eta urtebeteko Hitzakide harpidetza zozkatuko dira –Euskaraldiaren saria– , eta parte hartzaile guztien artean, berriz, Errigoraren saski bat –Baleikeren saria–.

Animatu eta parte hartu galdera-erantzunen jokoan!