Lacarraren 'Lost letters' ikuskizunerako pelikula filmatzen ari dira Zumaian

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 16a, 17:00
Argazkia: Albite, Lacarra eta Golding, gaur, San Telmo ermitan. (Maria Maya Manterola)

Ekain Albite ari da zuzentzen pelikula, Matthew Golding koreografoarekin batera. Itzurun hondartzan eta Komentuan izango dira egunotan, Lost letters ikuskizunean proiektatuko duten filmerako irudiak hartzen. 

Musika, dantza eta zinema elkartuko dituen ikuskizunaren sorkuntza prozesuan murgilduta dago Lucia Lacarra dantzari zumaiarra. Azken lanetan egin bezala, Matthew Goldingekin ari da osatzen diziplina anitzeko pieza, eta egunotan, ikuskizunaren parte izango den pelikula filmatzen ari dira Zumaian. Goldingekin batera, Ekain Albite zumaiarra ari da pelikula hori zuzentzen. 

Lacarrak azaldutakoaren arabera, pandemia garaian hasi zen buruan zebilkion ideiari tiraka: "Duela urte batzuk, Smithsonian museoan (Washington, AEB) museo batean galdutako eskutitzen inguruko erakusketa bat egin zuten. Gerra ezberdinetan milaka gutun galdu ziren, eta horiek bildu zituzten. Behin erakusketa amaituta, familiak eta jendea aurkitzen saiatu ziren. Dokumentala ikusi nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Horrez gain, Love Letters of the Great War irakurri nuen: Lehen Mundu Gerrako amodiozko gutunak biltzen ditu liburuak. Gutun bat zegoen asko gustatu zitzaiguna: gizon batek bere emazteari esaten zion itzultzen ez bazen zoriontsu izaten jarraitzea nahi zuela, bizitzen jarraitzen. Zer gertatuko litzateke hori galdutako gutun bat balitz, ordea? Bi istorio horiek nahastu genituen, eta gogoetatu genuen zer egingo lukeen emazte hark gutun hori iritsi ez balitzaio". Istorioa dramatikoa izan arren, "bukera ona" duela aurreratu du Lacarrak. "Drama gustatzen zaigu, baina gehiegi ere ez... Nahikoa daukagu bizitzan". 

Aste honetan filmatuko dute ia pelikula osoa, Zumaian. San Telmon eta Itzurunen errodatu ondoren, Komentuan izango dira bihar, Lacarrak azaldu zuenez. "Atmosfera ederra dauka. Garaikoa da, eta abandonatua. Gerran bezala: dena kentzen dizute, eta bakarrik geratzen zara zain". "Garairik gabeko" lekuak bilatu dituzte filmaziorako.  Apirilean hartuko dituzte azken planoak, mitxoletak loratzen diren garaian: "Polanen grabatuko dugu, Toledo ondoan, mitxoleta soro batean". Pelikularen filmazioa amaitu ondoren kreazioari ekingo diote, ekoizpenari. 

Estreinaldiko data zehaztu gabe daukate, baina badakite Bilboko Arriagan izango dela: "Zoragarria da; nire bizitzan lehenbizikoz zapaldu nuen antzokia da. Victor Ullate konpainia estreinatu zen hamahiru urte nituela. Donostiako nire irakaslearekin joan nintzen, eta hori gelditu egin zait. Esperientzia osoa da antzoki bat". 

"Eszena bakoitzarekin ikasten dugu"

Albitek azaldutakoaren arabera, "kasualitate oso handi bat" izan da proiektua zuzentzeko aukera eduki izana. "Filmazio batean nenbilen buru belarri, eta Luciak idatzi zidan esanaz bazutela proiektu bat. Beldurtu egin nintzen, ez nekielako zer ekarpen egin nezakeen nik halako proiektu batean. Matthewk eta Luciak azaldu zidaten zertan zatzan. Orduan ulertu nuen zer egin nezakeen: ordura arte irudiak erabili izan zituzten beren ikuskizunetan, baina oraingoan film oso bat nahi zuten", dio.

Haren hitzetan, buruan izan behar dute gero proiekzioaren aurrean dantza egingo dutela: "Ohituta gaude pertsonaietara, elkarrizketetara, narraziora... Baina hau beste gauza bat da. Ikasketa izugarria izaten ari da, zinea beste leku batzuetara eramaten ari garelako. Eszena bakoitzarekin ikasten dugu". 

Orain arte isiltasun erabatekoarekin filmatu izan dutela azaldu du Albitek, eta orain, musika da oinarrizko elementua. "Apreziatu egiten dugu, talde teknikoarentzat planoak erabakitzeko edo kamera mugitzeko baliagarria delako. Hiru gauza batzea da: dantza, musika eta kamera. Beste bi alderdiak ulertuz ekarpena egiten saiatzen gara", azaldu du. 

Ikus-entzunezko pieza hau bere horretan pelikula bat izatea da ideia, funtzionatu ahal izatea. Albiteren hitzetan, Lacarrak eta Goldingek ere aldaketa asko egin dituzte pelikula bat izan dadin. "Dantzaldiak gehitu egiten du, beste puntu bat ematen dio. Pelikula bat den heinean, zine jaialditara eraman daiteke. Badaude dantza eta zinema elkartzen dituzten jaialdiak, eta horietan aurkezteko aproposa da", dio filmaren zuzendariak.