Martin Amilibia eta Garazi Artola izan dira lehen zumaiarrak Behobia-Donostia lasterketan

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 14a, 11:30
Argazkia: Arritxu Iribar

30.000 korrikalari inguruk hartu zuten parte atzo Behobia-Donostia lasterketan. 

Irun eta Urruña arteko mugan kokatzen den auzo honen eta Gipuzkoako hiriburuaren artean dauden hogei kilometroak egin zituzten lasterketaren 57. edizioan parte hartu zuten korrikalariek. 

Zumaiarrek ere ez zuten hutsik egin. Aurreko urteetan bezala, Zumaiako Kirol Patronatuak autobusa jarri zuen korrikalariak irteera puntura eraman eta behin lasterketa bukatutakoan etxera ekartzeko. 

Martin Amilibia izan zen lehen zumaiarra. 22. postuan amaitu zituen 20 kilometroak 1:05:31 denborarekin. Bigarren gizonezkoa Ion Larrañaga izan zen, 153. postuan, 1:11:37 denbora eginez, eta hirugarrena Joseba Amilibia, 163. postuan, 1:11:37 denborarekin.

Emakumezkoetan, Garazi Artola izan zen lehen zumaiarra. 1:27:57 denborarekin amaitu zuen lasterketa, 2.375 postuan. Bigarren emakumea Patricia Amundarain izan zen, 1:29:54 denbora eginez; 2.945 postuan amaitu zuen lasterketa. Vanessa Arbelaitz izan zen hirugarren herritarra, 1:32:02 denborarekin. Sailkapen orokorrean  3.584 postuan amaitu zuen lasterketa.

Hemen ikus daitezke Zumaiako lasterkariek egindako postuak eta denborak.