Zumaiaren bihotzean

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 13a, 17:00
Jose Ignacio Murua eta Miguel Zubimendi, Artadin, Zumaiako erdigune geografikoa markatzen duen ikurra seinalatuz. (Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Herri baten erdiguneak zerikusi gutxi du herri horretako erdigune geografikoarekin. Zumaiari dagokionez, gutxik pentsatutako tokian dago herriaren bihotza: Artadi auzoan. Urtarrilean egin zituen kalkuluak Jose Ignacio Murua topografo pasaiatarrak, eta ekainean jarri zuen oroigarri xumea toki zehatzetik gertu Miguel Zubimendi zumaiarraren laguntzarekin. Urriko Baleike aldizkariko erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

Zabala da mundua, eta sakona; hala da afizioen zakua ere. Badaki zerbait biez Jose Ignacio Murua pasaiatarrak. Topografoa eta irakaslea izana, afizio berezia garatu du azken urteetan: herrien erdigune geografikoa kalkulatzea. Gipuzkoako herri guztietakoak osatu ditu, eta batzuetara joan da, toki zehatzean edo inguruan seinalea jartzera. 

Muruaren lana Miguel Zubimendi zumaiarraren belarrietara ere iritsi zen, eta "joño!", pentsatu zuen, "Zumaiakoa jakitea ederra litzateke, bada". Halaxe, biak Nagusilan boluntarioen elkartean zebiltzanez, harekin harremanetan jarri zen, eta Zumaiako erdigune geografikoa kalkulatzeko eskatu zion. 

Aurtengo urtarrilean aurkitu zuen puntu zehatza Muruak, eta ekainean, Zumaiara etorri behar zuela aprobetxatuta, lagundu zion Zubimendik GPSak markatzen zuen tokiraino. Kokapenak ezustean harrapatu zuen zumaiarra bera. "Inoiz ez nukeen pentsatuko hori denik herriko erdigune geografikoa", esan dio kazetariari. Izan ere, erdigunea Artadin dago, zuhaitzez inguratutako belardi malkartsu batean eta paraje zoragarri baten aurrean. Puntu zehatza iristeko zaila den maldan egonda, Muruak eta Zubimendik erabaki zuten ehun metro gorago jartzea ikurra, herritarrek ikusteko moduan. "Zumaiak 11 kilometro koadro ditu, eta beraz, ehun metro desbideratzea ez zait larria iruditzen", azaldu du Muruak. 

Metodikoa eta txukun-txukuna dirudi bere lanean pasaiatarrak. Elkarrizketara karpeta eta guzti agertu da, eta barrenean ditu erdigune geografiko bat kalkulatzeko erabiltzen dituen tresnak: herriko mugak zehaztuta dituen mapa inprimatuta; lauki txikiak dituen orri gardena; kartulina bat herri bateko formaren arabera moztuta; jostorratza eta haria gero demostrazioa egiteko; erregela; Zumaiako erdigunea kalkulatzeko egin dituen ariketa matematikoen orria, etab. Eta, noski, GPS gailua ere badarama patrikan, baita oharrak hartzeko blok txiki bat eta arkatza ere. 

Metodoa, eskuz zein digitalean

Irakaslea izan zenez, atera ditu orriak, eta eman ditu azalpenak, baina solasaldiaren une batean, kazetariarentzat funtsezkoa den zerbait esan du: "Inportanteena da jakintzei buruzko oinarri bat edukitzea. Hori edukiz gero, beste guztia uler daiteke, eta ikas daiteke". Oinarri hori behar, ordea... Matematikako ariketak egiteko alferrik litzateke irakasleak esandakoak buruz ikastea. Hark esandakoak azaltzeko, ordea, grabagailuak jasotakoak hemen idaztea besterik ez da behar:

Azalera baten erdigune geografikoa kalkulatu nahi bada, aurrena, herri horretako mapa hartu eta mugak markatu behar dira. Ondoren, orri koadrikulatu bat jarri behar zaio gainean, eta beheko ezkerreko izkina hartu kalkulua egiteko abiapuntutzat, X eta Y markatzeko. Behin hori eginda, figuraren erdigunea kalkulatu behar da. Herri batek inoiz ez du edukiko forma geometriko estandarra; ez da izango borobila, hirukia edo laukia. Horregatik, figura hori, mapa hori, zati txikiagoetan zatitzen du Muruak, baina zati horiei ematen die lauki edo hiruki forma, kalkuluak egin ahal izateko. Horretarako orrialde koadrikulatuak erabiltzen ditu. Horietako bakoitzaren erdigunea kalkulatzen du, baita azalera ere. Beti erreferentziak izaten dira hasierako X eta Y horiek: koadroka kontatu behar dira, eta ondoren, azalera. Gero, biderkatu egiten du X koordenada horren azalerarekin, eta Y koordenada gehitu. Zati bakoitzarekin hori egin, eta ondoren, zati guztiak batu behar izaten dira. Azkenik, batukari guztiari X kendu eta zatitu egiten da area guztietako azalerarekin, eta horrek ematen du emaitza. Y ateratzeko, berriz, Y guztiak batu, eta hori ere azalerarekin zatitu behar da. Horrela lortzen dira herri baten X eta Y koordenadak; puntu horretan egongo da erdigune geografikoa.  


Ekainean jarri zuten oroigarri xumea.

Muruak argi utzi nahi izan du erdigune geografiko hori oinplanoan dela. "Zerikusirik ez dauka erliebearekin; sistema hau barizentroa deritzona da". 

Emaitzak egiaztatzeko, gustatzen zaio euskarri fisikoa erabiltzea. Kartulina bat erabiltzen du, herri horretako formen arabera moztu duena, eta erdigune geografikoan puntu lodi bat jartzen du. Ondoren, jostorratza eta haria hartu -hariari muturrean pisua jarrita–, eta figuraren ertz batean sartzen du. Hari hori soltatutakoan, horrek beti lerro bat marraztuko du, eta beti, puntuaren paretik pasatuko da. Berdin beste ertz batean sartzen badu jostorratza. 

Muruak esan du gero, behin datuak esku artean dituenean, geografia digitala erabiltzen duela –GeoEuskadi.eus webgunearen bitartez– eta hark emandako informazioarekin GPSa hartu, eta hala joaten da herri bakoitzeko erdigune zehatza aurkitzera. 

Ikusteko moduan

Muruak gogoratu du "nahikoa kostatu" zitzaiela Zumaiako erdigunea topatzea. Zubimendik lagundu zion horretan. Artadiko aparkalekua eskuinetara utzita, Gorostiagako bidea hartu behar da; 500 metrora, eskuinaldera dagoen lehenbiziko bidea hartu, eta 60 metrora eskuinera egin behar da, ezkerretara utzita Oikiarako bidea. Gorriti familiaren belardia dago han, eta atzealderaino joanda aurki daiteke Muruak eta Zubimendik jarritako ikurra. Plastiko grisezko hodi antzeko bat da, eta goialdean erdigunea kalkulatu zuen eguneko data ageri da: 2022-01-18, alegia. Hodian idatzita dago Zumaiako erdigune geografikoa hori dela. 

Ez dago toki zehatz-zehatzean, ordea. "GPSak markatzen duen tokia malkartsua da, artadi batean dago, eta ez da toki irisgarria. Pentsatu genuen ezkutuan geldituko zela, eta hobe zela beste toki batean jartzea", azaldu du Zubimendik. "Ikurra ehun metro mugitzeak ez du inporta 11,28 kilometro koadroko azalera batean, eta hori eginda, jendeari aukera ematen diozu tokia bisitatzeko", jarraitu du Muruak. Tokatu zitekeen ibaiaren erdian egotea erdigunea, eta kasu horretan ere beste tokiren batean jarri beharko litzateke ikurra derrigorrean. 

Hain zuzen, erdigune horretan kokatu eta aurrera begiratuta, aurrez aurre mendiak daude eta, zuloan, Urola ibaia eta han Usurbiribillaga irlak. Paisaia zoragarria bistaratzen da, eta tarte batez ari begira egon dira pasaiatarra eta zumaiarra. 

Abentura bat edo beste ere izan zuten erdigunea aurkitzeko egindako txangoan, terreno partikularretatik igaro behar izan zutelako, eta jabe batek ez zuelako ondo hartu bi erretiratuak bere lurretan ibiltzea. Kontuak kontu, Zubimendik azaldu du denbora gutxi behar izan zutela puntua aurkitzeko. "Erraza izan zen".  

Gero, zertarako?

Topografoak konplexurik gabe aitortu du herri baten erdigune geografikoa kalkulatzeak ez daukala erabilera praktiko handirik. Filosofikoa da duen balioa eta, zentzu horretan, Muruarentzat asko balio du. "Niretzat badu garrantzia herri batek jakitea non dagoen bere benetako erdigunea, eta beti pentsatu izan dut idazlea banintz puntu horretara joango nintzatekeela idaztera, eta han aurkeztuko nukeela liburua ere. Izan ere, puntu horrek leku guztiak ditu konpentsatuak. Hau da herri batentzat bidezkoa, errotazio-ardatza". 

Muruak hainbat burutazio eta ideia ditu idatziak, eskuz, erdigune geografiko baten esanahi filosofikoaz, baina ia-ia lotsatuta, baxu-baxu, irakurri ditu. 

Zubimendik nabarmendu du "ezjakinean", zaila dela esatea non dagoen herri baten erdigunea. "Ertz batean ondoko herria ia bertaraino sartuz daukazu, baina beste ertz batean kilometroak daude ondoko herrira iritsi aurretik. Artadiko plazatik, esaterako, ezkerraldera Zestoa daukagu, Bedua, kilometro eta erdira edo. Iparraldera begiratuta, berriz, Deba daukagu bi kilometro-bi kilometro eta erdira. Gure atzean, ekialdera, bi kilometro eta erdi edo hirura iristen da Zumaia, Getariako Meagaraino. Ipar ekialdean, Getaria kilometro batera daukagu, Caracas baserriraino sartzen da". Horregatik, Zubimendik uste zuen erdigunea Oikia aldera egongo zela, baina toki bat zehaztea "oso zaila" dela uste du, Muruak egin dituen kalkulurik gabe. 

Herriko beste erdiguneak alde zaharren inguruan egon ohi dira; eremu horiei deitzen zaie erdigunea, baina Muruari inoiz ez zaio gertatu erdigune horrek bat egitea erdigune geografikoarekin. Bitxikeriak izaten dira, ordea. "Tokatu zait herriren batean herri horren erdigunea herritik kanpora egotea. Herriak L forma baldin badu, esaterako, hori pasatzen da. Behin bakarrik gertatu zait hori, eta erabaki nuen herri horren ertz batean jartzea erdigunea, berezkotik ahalik gertuen". 

Beste batzuetan, gerta daiteke herri batek herritik kanpora ere edukitzea lurrak. Halakoetan, kanpoko lur horiek ez ditu kontuan hartu Muruak. Zumaia inguruan, Zarautzek, esaterako, Elkano auzoa dauka. Hori ez du kontuan hartu haren erdigunea kalkulatzean. 


Herri baten figura kartulinan marraztu eta erdigunea markatu ondoren, jostorratza sartzen du ertz batean, eta zintzilik, haria pisuarekin. Erdigunetik pasatuko da beti haria.

Gipuzkoako guztiak kalkulatuta

Muruak banaka-banaka egiten ditu herrien kalkuluak. Batena amaitu arte, ez du hurrengoarena hasten. Azaldu du Gipuzkoako herri guztiak dituela amaituta, nahiz eta guztiak ez dituen markatu oraindik. "Markatzeak esan nahi du herri horretara joan eta puntu zehatza aurkitzea. Zumaian, graziak Miguelek lagundu didan". Inguruko herri batzuetakoak ere markatuta ditu dagoeneko: Zarauzkoa, Oriokoa eta Getariakoa, esaterako. 

Afizioa Felix Isasari zor diola esan du Muruak. Hark kalkulatu omen zuen Euskal Herriko erdigunea (Andia mendilerroan), baita Gipuzkoakoa ere (Bidania). "Lagun-minak ginen, eta hil zenean, handik denbora batera pentsatu nuen neuk ere kalkulu horiek egitea". 

Herrien erdigunean hodia jartzeaz gain, udal agintariei horren berri ere eman izan die Muruak; Oiartzunen eta Errenterian, zehazki. Oiartzungo Udalak, gainera, ormigoizko plaka jartzea erabaki zuen toki horretan, Muruaren lana aintzat hartuta. "Ilusio handia" egin dio horrek. Zubimendirentzat, ondo dago udalek halako erabakiak hartzea, "guk jarritako hodia edonork ken dezakeelako. Ormigoizkoa, aldiz, betirako geldituko da".  

Zumaiarrak eta pasaiatarrak aitortu dute oraindik ez dutela hitz egin ez ikurra jarrita dagoen lursailaren jabeekin, ez Zumaiako Udalarekin. Jabeak ez dira herrian bizi, izan ere. Udalari dagokionez, Zubimendik uste du polita litzatekeela horrek ere plaka jartzea hodia dagoen tokian. 

Pilota udalaren teilatuan gelditu da, beraz.