Larraina Egunean orain arte egindakoaz eta egiteko dutenaz gogoetatu dute euskaltzaleek

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 12a, 18:00

Atzera begira jarri, egindakoen balorazioa egin, eta erronka berriak izan dituzte hizketagai Larrainako kideek Alondegiko Oxford aretoan egin duten bilkuran.

Urte honetan bertan antolatutako jardueren balorazioa egin dute, baina batez ere, datorrenari begira jarri dira euskara taldeko kideak Larraina Egunez. Belen Urangak azaldu du "oso pozik" daudela aurten egindako lanekin, aurreikusita zuten zerrendatik gehienak egin dituztelako. "Ez dira jarduera asko izan, taldea txikia delako, eta taldea egonkortzeko lanak ere egin ditugulako", dio. Elkarte bezala eratzeaz gain, udalarekin hitzarmena sinatu dute herrian euskara sustatzen jarraitzeko, eta horrek lagundu die jarduera horiek egiten, Urangaren arabera. 

Euskararen erabilera handiagotzeko, ikerketa, hizkuntza eskubideen aldarrikapena nahiz kultura dira Larrainaren lan ildoetako batzuk. Haurren erabileraren inguruko diagnostikoa, sentsibilizazio kanpainak edota bertso afariak egin dituzte. Datorren urtera begira, ordea, "erronka handia" dutela azaldu du Urangak: "Gure taldea zabaltzea da helburua, badakigulako herria oso sentsibilizatuta dagoela euskararen gaiarekin. Eragile ugarirekin izan dugu elkarlana, eta horri heldu behar diogu".