Euskaraldiaren bueltan antolatutako egitarauari ekin diote Zumaian

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 12a, 16:00

Euskaraldia datorren ostiralean hasiko bada ere, egitasmoaren bueltan antolatutako ekitaldia izan zen atzo Aitzuri pilotalekuaren kanpoaldean. 

Askotariko ekitaldiak izango dira aurtengoan ere Euskaraldiaren harira. Atzo izan zen lehen ekitaldia: Eire-ren kontzertua izan zen Aitzuri pilotalekuaren kanpoaldean, baita Astindu Zumaiako dantza elkarteak ekimen honetarako espreski prestatutako emanaldia ere.

Datozen egunetan, motorrak berotzen jarraituko dute herrian. Ostegunean, Esti Curielen bakarrizketa umoretsua izango da, Musika pixkat bizitzai taldearen kontzertua, Astinduren koreografia dantzatzeko beste aukera bat, eta Irati Arakistain bertsolariaren saioa. Arratsalde horretan bertan, 17:00etatik 19:00etara, Euskaraldiko txapak jasotzeko azken mahaia jarriko dute, Kofradian bertan.

Astebete beranduago, azaroaren 24an, Jon Maiak gidatutako solasaldia egingo da Aita Mari zinema aretoan, 19:00etan hasita. Euskararen inguruko hausnarketak egingo dituzte Arri Granadosek, Telmo Iruretak, Helene Alberdik eta Irina Tichtchenkok. 

Abenduaren 1ean, berriz, Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da Alondegiko Oxford aretoan, 19:00etan. Deñe Garciaren kantaldi batek girotuko du ekitaldia. 

Bertso afari batekin esango diote agur aurtengo Euskaraldiari. Abenduaren 2an izango da, 21:00etatik aurrera Kupela jatetxean, eta Andoni Egaña eta Oihana Iguaran arituko dira kantuan.