Kultura eta sormen industriaren alorreko enpresen kudeaketa profesionalizatzeko saioei ekingo diete datorren astean

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 13a, 09:00
Udal Elkarteak sustatutako ekintzaileen programako irudia. (UKUE)

Datorren ostiralean hasi eta abenduaren 2a bitartean garatuko da ikastaroa. Aurrez aurreko hiru ikastaro eta banakako tutoretza saioak eskainiko dizkiete izena ematen duten ekintzaile, autonomo, enpresa txiki nahiz elkarteei. 

Kultur eta sormen industriari bultzada emateko, hainbat ekimen antolatu ditu UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak. Aurten, esaterako, bigarren urtez sektore horri zuzenduriko topaketa saioak antolatu ditu. 

Topaketa horiek "harrera ezin hobea" izan dutela iritzita, urrats bat gehiago eman nahi izan du UKUEk. Kultura eta sormen industrien sektorea suspertzeko programaren barruan, sektorearen beharretara egokitutako prestakuntza programa diseinatu du oraingoan Udal Elkarteak. Ekintzaileei, autonomoei, enpresa txikiei nahiz elkarteei euren jardueren kudeaketarako ezagutzak zabaltzen laguntzea du xede programak, eta horretarako, aurrez aurreko hiru ikastaro eta banakako tutoretza saioak eskainiko dizkiete izena ematen dutenei. 

Programa osoan edo ikastaro zehatz batean eman ahal izango da izena, doan. Horretarako, enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi behar da, beti ere, ikastaroa hasi baino hiru egun lehenagora arte. Enpresaren izena, harremanetarako pertsonaren izen-abizenak, emaila, telefonoa eta intereseko dituen ikastaroak adierazi behar dira mezu horretan –azaldu dute ikastaroen kudeaketarako soilik erabiliko direla datuok–. 

Ondorengoak dira eskainiko dituzten ikastaroak: 

1.- Jabetza intelektuala eta ukiezinen babesa:
Data: azaroak 18
Ordutegia: 09:30-12:30
Irakaslea: Maitane Valdecantos
 
2.- Hitz egin dezagun diruaz: 
Data: azaroak 23 eta abenduak 1
Ordutegia: 09:30-11:30 -  2 saio
Irakaslea: Marta Castro 
 
3.- Datuen babesa: 
Data: azaroak 25 eta abenduak 2
Ordutegia: 09:00-13:00 -  2 saio
Irakaslea: Idoia Lartitegi