Joar Garate: "Kantuan gustura sentitzen naiz, baina agian erosoago idazten"

Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Txikitatik ezagutu du Joar Garate Ruedak (Zumaia, 2003) bertso mundua, familiatik. Zumaiako Bertso Eskolan aritua, Historia ikasten ari da Gasteizen. Urriko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Bertsolaritza zaletasuna du, eta Gasteizen ari zaio segida ematen.

Historia ikasten ari zara eta bertsotan ere aritzen zara. Zer izan nahiko zenuke etorkizunean? Historialaria ala bertsolaria?

Bertsolaritza zaletasuna da niretzat. Nik, berez, irakaslea izan nahi dut. 

Txikia zinenetik zabiltza bertso munduan. Zerk erakarri zintuen?

Gure aita bertsotan ibilia da. Eskolan, hirugarren mailan nenbilela, 8-9 urteko ume moko bat nintzenean, irakasle batek esan zidan bertsotan ondo ikusten ninduela, eta galdetu zidan ea Eskolarteko Bertso Txapelketara aurkeztu nahiko nukeen, idatzizko kategorian. Ondo aritu nintzen. Gero, hurrengo urtean sartu nintzen Bertso Eskolan, eta orain arte. Beno, orain Zumaian ez dut egiten bertsotan, baina Gasteizen zerbait egiten dut. 

Zer garrantzia ematen diezu bertso eskolei bertsolaritza hedatzeko lanetan?

Herri bakoitzean desberdina da. Adibidez, ezin duzu konparatu Zumaia Hernani batekin. Hernanin kristoren indarra du bertso eskolak, eta Zumaian, ez hainbeste. Bertso eskolan daudenak kenduta, ni izango naiz Zumaiako bertsolari gazteena, eta hemen apenas dut aukerarik inorekin bertsotan egiteko. Azpeitian eta Azkoitian bertsotan aritu daitezke beraien artean, Zarautzen ere bai, eta nik bertsotan jarraitzen dut Gasteizen ikasten dudalako. Bestela, ez dut uste jarraituko nukeenik bertsotan egiten. 

Eta zergatik uste duzu gertatzen dela hori Zumaian?

Nik uste unibertsitatean sartzean hutsune bat sortzen dela. Kirolean jendeak jarraitzen du. Adin batetik aurrera jendeak garrantzia handiagoa ematen dio kirolari beste gauza batzuei baino. Kirolak gehiago exijitzen dizun momentuan, dantzak, bertsoak, antzerkia edota musika utzi egiten dituzu. 

Zuk Gasteizen jarraitzen duzu zaletasun horrekin. 

Zortea izan dut; izan ere, Gasteizen jende pila dago bertsotan aritzen dena, eta badago aurrera eramaten ari garen proiektu antzeko bat bertsolari gazteentzat. Bakoitza bere kabuz aritzen da bertso eskolan, baina gero, proiektu komun bat dugu, Unibertsolariak izenekoa, eta hileko azken asteazkenetan elkartzen gara unibertsitateko jendea taberna batean bertso saioak egiteko. Saioaren aurretik, unibertsitateko beste lagun batzuen kontzertuak ere izaten dira. 

Bertsogintzarako hiri aproposa al da Gasteiz?

Euskal Filologia karrera bertan irakasten da, eta uste dut horrek laguntzen duela. Bertsotan jende asko gabiltza, eta horrek asko laguntzen du. 

Bertsoak, idatziz edo kantuan? Zer nahiago duzu?

Kantuan gustura sentitzen naiz, baina agian erosoago idazten. Beno, bietan nahiko eroso, baina konfiantza gehiago ematen dit idatzizkoak. Zerbait gustukoa ez badut, berriro has naiteke. Idatzizkoan zorrotza naiz, perfekzionistagoa. 

Orain gutxi, irailaren hasieran, Lekeition izan zara bertso saio batean.

Mungiako [Bizkaia] lagun baten proiektua zen, Izaro Bilbaorena. Proiektu polita zen; izan ere, azken finean, frikisaioak ziren. Aurretik, esaterako, Harry Potterren inguruko saio bat egon zen, eta horoskopoen batekin bukatu zen. Gure saioak denboraren makina zuen gaitzat. Polita izan zen, desberdina; ondo pasatu nuen. 

Txapelketetako lehia gustukoa al duzu?

Ez. Beno, bertsotarako aukera ematen badit, bai, baina nahiago dut lagunekin kantatu. Hori gustatzen zait. 

Txapelketa Nagusia hasi da. Egunen batean zeure burua ikusten al duzu han?

Ez, ez, ez. Txikitan baietz esaten nuen, baina uste dut gehiago zela ume baten ametsa errealitatea baino. Orain, ikusita nola dagoen kontua, hau da, ikusita zer maila dagoen Gipuzkoan, ezta pentsatu ere.