Foruen plazan kokatuko dituzte San Jose kale hasierako edukiontziak

Komentua eraberritzeko obrak direla eta, San Jose kale hasieran dauden edukiontziak Eroski supermerkatuaren aurrealdera eramango dituzte. 

San Jose Komentua kulturgune bihurtzeko lanak aste honetan bertan hasiko dira. Eroski supermerkatuaren atzealdean dagoen horma botako dute, eta handik sartuko dira kamioiak eta ibilgailu pisutsuak komentuko eremura. Hori dela-eta, horma horren aurrean, Bonifazio Etxegaraiko aldaparen goikaldean dauden hondakinen edukiontziak lekuz aldatuko dituzte. 

Alde zaharreko eta San Jose kaleko bizilagunekin elkartu zen udala pasa den astearte arratsaldean 20 hilabetez luzatuko diren lan hauek auzunean eragingo dituzten aldaketen berri emateko. Hondakinen edukiontzien lekualdatzearen ondorioz sortu ziren kontrako iritzi gehien. Hasiera batean, Zuloaga plazara, Txomin Agirre kaira edo Ardantzabidera eraman beharko zituzten bizilagunek beraien hondakinak obrek iraungo zuten denboran, baita lanak amaitu ondoren ere. Baina, bizilagunek egindako ekarpenei jaramon egin die udalak, eta edukiontzi guztiak Foruen plazara mugituko dituzte. Horretarako, azoka aurreko aparkalekuko plaza bat kenduko dutela iragarri du udalak. Edukiontzi horiek obrak bukatu ondoren ere leku berean mantenduko direla ere azaldu du udalak.

Bileran bizilagunei azaldu zitzaien edukiontziak zabaltzeko txartelak aldatu beharko zituztela. Mugimendu edo lekualdatze honekin ez dute bizilagunek aldaketarik egin beharko. Hala ere, norbaitek beste gune bateko edukiontziak erabili nahiko balitu, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura jo beharko duela ere adierazi du udalak.