Udazkeneko bono kanpaina jarri dute abian udalak eta Gertuk

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 10a, 09:08

30 euroren truke 40 euroko balioa izango duten 1.200 erosketa txartel jarriko dituzte eskuragarri bezeroen artean. Kanpainan parte hartu nahiko duten establezimenduek bihar eguerdira arte dute atxikitzeko aukera. 

Udazkeneko bono kanpaina jarri dute abian Zumaiako Udalak eta Gertu merkatari eta ostalari elkarteak. ErrotaHerria programaren barruan sartzen den kanpaina honek, aurrekoek bezala, "herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei beste bultzada bat ematea" du helburu. 

Merkataritzaren sustapenerako kanpaina honen barruan 1.200 erosketa txartel jarriko dira bezeroen esku. Txartelak 30 euroan izango dira salgai, baina 40 euroko balioa izango dute Zumaiako salmenta lekuetan. Hau da, 30 euro ordainduta 40 euroko gastoa egin ahal izango da. Txartel bakoitzak 10 euroko lau zati edukiko ditu, banaka edo batera erabiltzeko.

Erosketa txartel hauek azaroaren 16tik aurrera eskuratu ahal izango dira turismo bulegoan. Pertsonako, gehienez, bi txartel erosi ahal izango dira. Bonoa erosterako orduan NA edo identifikazio txartel bat erakutsi beharko da. Behin erosita, azaroaren 16tik abenduaren 6ra bitartean erabili ahal izango dira. 

Dendek izena emateko aukera

ErrotaHerriaren aurreko kanpainetan parte hartu ez duten establezimenduek izango dute udazkeneko honetan atxikitzeko aukera. Horretarako, izen emate orria bete eta zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dute bihar eguerdiko 12:00ak baino lehen. Orria turismo bulegoan uzteko aukera ere izango dute. Aurreko kanpainaren batean parte hartu duten establezimenduek ez dute berriro izenik eman beharrik izango.

Kanpainaren sustatzaileek azaldu dutenez, establezimendu bakoitzak 5.000 eurora arteko salmentak egin ahal izango ditu, eta Gertu elkarteko kide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute deialdi honetan.