Etxape Zentro Sozialista jendaurrean aurkeztu dute

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 9a, 10:00

"Proletargoak antolakuntza gaitasuna irabazi eta klase independentzia ardatz duen estrategia politikoa hauspotzeko" asmoarekin zabaldu dute Eroskiren jabetzakoa den espazioa. Gaur bertan hasiko dira espazioa egokitzeko auzolanean. Ertzaintzak sarrera bat itxi du. 

Atzo goizean eman zuen Urola Kostako Kontseilu Sozialistak berria. Espazio berri bat zabaldu dute Aita Mariko 16. zenbakian, duela 20 urte Eroskik denda zuen tokian. Etxape Zentro Sozialista martxan jarri dute bertan, eta atzo arratsaldean egindako agerraldian eman zituzten irekierari buruzko xehetasunak. 

Agerraldi horretan azaldu zuten "krisi egoerak erabat markatutako testuinguruan" bizi direla, eta egunetik egunera okertzen ari direla langileen bizi baldintzak. Energiaren, elikagaien nahiz etxebizitzaren garestitzea aipatu zituzten. Baina politikoa ere bada, beren esanetan, "oligarkiak sustatutako ofentsibak dakarren pobretzea", "eskubide politikoak ezabatzen eta proletalgoaren antolakuntza independenterako baldintzak deuseztatzen ari baitira". 

Zentzu horretan, proletargoaren autodefentsarako tresnak sortu eta indartzeko helburua dute Etxape Zentro Sozialistaren bitartez. Besteren artean, autodefentsa eta aholkularitza laboralerako bulegoak, oinarrizko produktuen bilketak, formakuntza politikoa sustatzeko espazioak nahiz euskarazko mintzapraktika saioak antolatu nahi dituzte bertan. Hurrengo deialdiei adi egoteko eskatu du Kontseilu Sozialistak. Gaur bertan izango da lehena, espazioa egokitzeko auzolanean ariko baitira bertan. 

Eroskirekin Aita Mariko espazio horren erabileraren inguruko adostasun batera heltzeko borondatea dutela diote, baina gutxienekoa ezarri dute: "20 urtez hutsik egon den eta jardun politiko nahiz sozialerako ireki dugun espazioa ez husteko bermea da eskatzen duguna". Kontseilu Sozialistak jakinarazi du Eroskirekin harremanetan jarri dira hainbat bitartekari, espazioaren erabileraren baldintzak adosteko elkarrizketa-prozesu bat hasteko, baina enpresak, baina, ez duela erantzun argirik eman oraingoz. Bestetik, atzo agerraldia egiten ari ziren bitartean Ertzaintza gerturatu zen Etxape ingurura, eta Kontseilu Sozialistaren arabera, sarrera bat itxi zuen.