"Alabak behar izan nauelako berpiztu naiz"

Azaroaren 25ari lotuta, Maria Maya Manterola kazetariak jasotako Zumaiako emakume baten testigantza anonimoa da honakoa.

"Zumaian bizi ginen, eta bikotekidea eta biok bertan ezkondu ginen. Hilabete gutxira geratu nintzen haurdun; bizitzak eskainitako opari bat izan zen, ez nuelako pertsona harekin haurrik izatea aurreikusten. Ez nuen harekin egon nahi, baina gogor heldu ninduen; ez ninduen soltatzen. Haurra ez zen hazten, tripa barruan arrain txiki bat balitz bezala mugitzen zen. Hogeita bat egunez jarraian egiten nuen garbitzaile gisan lan, eta astebete izaten nuen jai gero. Zortzi hilabeteko nengoela, senarrak 48 orduz giltzapetu ninduen etxean.

Ostiral gau batean, eztabaida zentzugabeekin hasi zen, etengabeko erreklamazioekin, ez zidan afaltzen uzten. Ohera joan eta eztabaida amaitzen saiatu nintzen, baina ezinezkoa zen: ia gau osoa gogaituta pasatu zuen, lo egiten utzi gabe, oihuka eta kolpeka. Larunbatean, etxeko atea giltzaz itxita eta telefonorik gabe utzi ninduen. Itzuli zenean, bezperako gai berarekin jarraitu zuen, eztabaidan, kolpeak ematen eta labana eskuan zuela ni mehatxatzen. Burua burkoarekin estaltzen zidan ukabilkadak emateko, eta esaten zidan bazekiela markarik utzi gabe jotzen. Hanketan hematomak atera zitzaizkidan. Igandean, Zumaia erdi hutsa zegoen, Kilometroak ari zirelako ospatzen Zarautzen. Bazkalorduan kalabaza pixka bat egosi nuen. Ohetik jaiki eta ikusi ninduenean, balkoira bultzatu eta bertan giltzapetu ninduen, labana eskuan zuela begiratzen zidan bitartean. Gaizki sentitzen nintzelako eta uzkurdurak nituelako, Zarauzko anbulatoriora lagundu zidan ez nuela salatuko hitz eman eta gero. Bide osoan niri atximurka egiten aritu zen, eta zerbait esanez gero, hil egingo gintuela mehatxatu ninduen. Anbulatorioan kontsultara bakarrik sartu ahal izatea eskatu nuen, eta berak ere sartzea nahi zuen arren, hura beste gela batera eramateko aitzakia jarri nuen. Medikuari eta erizainari laguntza eskatu nien han, eta poliziari deitu zioten haiek. Anbulatoriora sartu zirenean nire ahotsa errekonozitu zuten ertzainek. Izan ere, egun batzuk lehenago deitu nuen zer laguntza eskaintzen zuten galdetzeko, baina ez nuen senarra salatu nahi izan beldur nintzelako eta oso bakarrik nengoelako.

Zesarea bidez erditu nuen, haurrak ez baitzuen indarrik modu naturalean jaiotzeko. Euskal Herrian geratu nintzen [Hego Amerikako herrialde batekoa da sortzez], han familia izan arren, hemen jende zoragarria dagoelako, eta oro har, osasungintza, hezkuntza eta egonkortasuna eskura ditugulako. Etxeko indarkeriatzat hartu zuten nire kasua, eta erresidentzia txartelik gabe geratu nintzen. Gaizki aholkatu nindutela konturatu nintzen, baina atzerritartasun bulegoan esan zidaten ez nindutela Euskal Herritik botako haurra bertan jaiotakoa zelako.

Oraindik ere borrokan jarraitzen dugu. Senar ohiari 200 euroko pentsioa ordaintzea dagokio hilabetero, baina ez du sekula egin. Senar ohiak dirurik ez daukala esaten entzun behar izan nuen epailea. Akaso galdetu al didate niri zer egin dudan alaba mantentzeko? Orain abizena aldatu nahi du alabak, eta prozesu horretan ari gara. Nire sabelean jasan zuen genero indarkeria hark, eta beraz, genero indarkeriaren biktima bat da bera ere. Alabak behar izan nauelako, fenix hegazti bat bezala berpiztu naiz. Alabari ez nion ezagutzen ez duen pertsona batekiko gorrotoa sorrarazi nahi; berak erabaki du hura ez ezagutzea. Guraso-agintea eskatu dut orain; epaitegietakoa etengabeko borroka da. Zorionez, alaba bikaina daukat, eta hori da senar ohiari eskertzen diodangauza bakarra".