Etxape Zentro Sozialista zabaldu dute Aita Mari auzunean

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 8a, 10:18

Gaur 19:00etan aurkeztuko du proiektua Urola Kostako Kontseilu Sozialistak. Aita Mariko 16. zenbakian dago espazio berria, eta bihar bertan hasiko dira auzolanean.

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak sare sozialen bidez jakinarazi du proiektu berria abiatu duela Zumaian: Etxape Zentro Sozialista. Aita Mari auzunean dago, 16. zenbakian, garai batean Eroskik denda zuen tokian.

Proiektua gaur arratsaldean aurkeztuko diete herritarrei, 19:00etan, eta hitzordua espazio berri horretan izango da.

Idatzian, Kontseilu Sozialistak iradoki du espazioa okupatu egin dutela. Izan ere, zera dio testuak: "Eroskirekin Aita Mariko espazio horren erabileraren inguruko adostasun batera heltzeko borondatea dugu; dena den, 20 urtez hutsik egon den eta jardun politiko nahiz sozialerako ireki dugun espazioa ez husteko bermea da eskatzen duguna".

Espazioaren helburua zein den ere azaldu dute: "Xedea da proletargoak antolakuntza gaitasuna irabaztea eta klase independentzia ardatz duen estrategia politikoa hauspotzea". Hala, Etxape Zentro Sozialistan autodefentsa eta aholkularitza laboralerako bulegoak jarri nahi dituzte, oinarrizko produktuen bilketa egin nahi dute, eta formakuntza politikoa sustatzeko espazioak eskaini, besteak beste. "Epe motzean, esaterako, euskarazko mintzapraktika saioak martxan jartzeko asmoa dugu", adierazi dute.

Herritarrak animatu dituzte espazioa prestatzeko auzolanean parte hartzera, baita bertan egingo dituzten proiektuetan parte hartzera ere. Aurreneko lan saioa bihar bertan egingo dute, asteazkenarekin. Ordua ez dute zehaztu.