Goikoetxea eta Etcheto nagusi Gernikako frontoian

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 8a, 09:30
Argazkia: Andoni Iparragirre-Guk Jai Alai

Eusko Label Winter Series txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen atzo Gernikako frontoian. Zumaiako bi puntista handiak, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez aurrez aurre izan ziren atzokoan. 

Goikoetxeak eta Nicolas Etchetok, eta Diego Beaskoetxeak eta Lopezek osatutako bikoteek debuta egin zuten atzo Winter Series zesta-punta txapelketan. B multzoan arituko dira bi bikoteak, eta atzo elkarren aurka aritu ziren Gernikako frontoian. Lehen jardunaldian gertatu bezala, zaletuek pilotalekuko harmailak bete zituzten eta 1.500 ikusle inguru bertaratu ziren partida ikustera. 

Pilota modalitate honetako izar handiek zer egingo zuten zain zeuden zaletuak, eta hauek ez zuten hutsik egin. Hasieran, bai, hasieran akatsak egin zituzten pilotariek, baina motorrak berotzearekin batera zuten onena ematen hasi ziren. Atzo gorriz aritu ziren Goikoetxea eta Lopez 7-3 jarri ziren aurretik lehen setean, baina Beaskoetxeak eta Lopezek erreakzioa izan zuten, eta ia seta berdintzera heldu ziren (10-9). Atzo sekulako maila erakutsi zuen Goikoetxeak –17 tanto egin zituen eta bakarra galdu– eta Etchetok, baina, ez zuten seta galdu nahi, eta 15-12 emaitzarekin irabazi zuten. 

Bigarren seta lehenengoaren antzera hasi zen, eta gorriak agintzen jarri ziren markagailuan (7-3, 8-6). Lehen setean bezainbeste tanto egin ez bazituen ere, jokoa dominatzen jarraitu zuen Zumaiako aurrelariak; Beaskoetxeari eta Lopezi beraien jokoa oztopatu zien behin eta berriz. Bigarren eta, ondorioz, partida Goikoetxea eta Etchetoren aldekoa izan zen (15-10).

Partida bakarra jokatuta, B multzoko lider jarri dira Goikoetxea eta Etcheto, 4 punturekin. Beaskoetxeak eta Lopezek atzo ezin izan zuten punturik lortu.