Gizonezko bat atxilotu dute kiroldegiko aldageletan grabazioak egitea egotzita

Erredakzioa 2022ko aza. 7a, 16:52

Ertzaintzak ohar bidez jakinarazitakoaren arabera, joan den larunbatean atxilotu zuten 27 urteko gizonezkoa, ostiralean emakumeen aldageletan sakelakoarekin grabazioak egitea leporatuta. 

Ertzaintzaren arabera, hamar bat adingabe dutxan zeudenean konturatu ziren ate azpiko zulotik norbaitek sakelako telefonoa sartu zuela bertan zeudenen irudiak grabatzeko helburuarekin. Pertsona horrek alde egin eta gertatutakoa salatu zuten gero aldagelan zeudenek.

Ertzaintzak Udaltzaingoarekin egindako ikerketan identifikatu eta atxilotu du ustezko delitugilea. Hain zuzen, larunbat arratsaldean atxilotu zuten, pertsonen intimitatearen aurkako delitu bat leporatuta.