Lopez eta Goikoetxea elkarren aurka arituko dira Winter Serieseko bigarren jardunaldian

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 7a, 08:49
Imanol Lopez Arritxu Iribar kazetariarekin, txapelketaren aurkezpen egunean. Argazkia: Jai Alai News

Eusko Label Winter Series zesta-punta txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur Gernikako frontoian. Zumaiako bi puntistek debuta egingo dute aurtengo edizioan. Partida Euskal Telebistan ikusteko aukera izango da.

Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez puntistek debuta egingo dute gaur Eusko Label Winter Series zesta-punta txapelketan. Aurtengo edizioko bigarren jardunaldia izango da gaur jokoan; partida 19:30ean jokatuko da Gernikako frontoian, eta ETB-1ean ikusi ahal izango da 22:30etik aurrera. 

Goikoetxeak Nicolas Etchetorekin osatuko du bikotea txapelketa honetan; Lopezek, berriz, Diego Beaskoetxea izango du aurreko koadroetan. Bi bikote hauek txapelketako bigarren multzoan sartu dituzte. Adituen arabera, gaurko partida izan liteke txapelketa beraren finala.