New Yorkeko arte galeria batean erakutsi ditu bere lanak Garbiñe Arrieta zumaiarrak

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 6a, 10:56

Manhattango The Evac arte galerian erakutsi ditu zumaiarrak bere lau margo urriaren amaieran.

Egunak pasatu badira ere, oraindik "flipatuta" dagoela dio Garbiñe Arrieta zumaiarrak bizitako esperientziarekin. Izan ere, urriaren amaieran Manhattango (New York, AEB) The Evac arte galerian erakutsi ditu bere lau koadro. 

Urriaren lehen asteetan hasi zen abentura bezala ikus daitekeen esperientzia hau. "Emakume batek mezu bat bidali zidan Instagram bidez. Nire profila ikusi zuen eta kontaktuan jartzeko baimena eskatu zidan. Nire lanak asko gustatu zitzaizkiola esan zidan eta nahiko banu New Yorkeko arte galeria batekin harremanetan jarriko ninduela. Galeria horretarako lan egiten zuen pertsona bat zela esan zidan, eta haiei idaztera animatuko banintz, bere izena aipatzeko esan zidan". Guztia broma bat zela pentsatu zuen lehenbizi Arrietak. Hala ere, familiak-eta animatuta, mezu bat bidali zuen aipatutako galeria hortara. Bitartean, Interneten begira aritu zela dio, "jakiteko ea arte galeria horrek existitzen zuen".

Hurrengo egunean jaso zuen galeriakoen erantzuna: "antolatuko zuten ekitaldi batean parte hartzera gonbidatzen ninduten. Horretarako nire lan batzuk bidali behar nizkien. Gero, beraiek talde bat dute lanak aukeratzeko. Lan batzuen argazkiak bidali nizkien, ezaugarriekin eta neurriekin, eta erantzun zidaten lau koadro aukeratu zituztela urriaren 28an egingo zen erakusketa kolektibo batean parte hartzeko. Hor urduri jarri nintzen, 'non ari naiz sartzen?' pentsatu nuen". 

Gertatutakoa etxean komentatu zuen, eta han ere harritu egin zirela dio Arrieta. Azkenean, lau lagun joan ziren New Yorkera, koadroak beraiekin zeramatzatela. "Erakusketa urriaren 28, 29 eta 30ean izan zen, eta bi egun lehenago joan ginen New Yorketa. Heldu eta lehen gauza izan zen galeria bisitatzea, ea egia zen ziurtatzeko. Egia zen, gure zain zeuden gainera!". Inaugurazioa ostiralean izan zen, hilaren 28an, 300 gonbidaturekin, eta galeriako arduradunekin egoteaz gain, erakusketa kolektibo honetan parte hartu zuten beste artistekin egoteko eta hitz egiteko aukera izan zuen zumaiarrak. 

Koadroak saltzeko aukera ematen ziela azaldu zieten artistei galeriako arduradunek. Arrietaren kasuan, erretratu horiek dagoeneko emanda zituen, eta erakusketarako "berreskuratu" egin behar izan zituen. 

Esperientziak "ilusio handia" egin diola onartzen du Garbiñe Arrietak. "Ez nuen sinesten... nire erakusketak izan dira Oxforden, Iñaki Orejarekin batera, eta jarraian New Yorken! Kristoren esperientzia izan da, kristoren abentura". Margotzen jarraitzeko bultzada ematen diola dio: "bultzada eta segurtasuna".