Enpresa hitzarmena eskatzeko mobilizazioak hasi dituzte San Juan Egoitzako langileek

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 5a, 17:02
San Juan Egoitzako langilea, ostiralean egindako elkarretaratzean (Juan Luis Romatet)

San Juan Egoitzako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Saregileen plazan ELA eta LAB sindikatuek deituta. 

Elkarretaratzea egin zuten atzo San Juan Egoitzako langileek Saregileen plazan. ELA eta LAB sindikatuek modu bateratuan deitu zuten kontzentrazio hau, eta ELAko kide Maria Uriak azaldu zuenez, aurretik egindako prozesu baten lehen pausoa izan da. "Enpresa mailako hitzarmena negoziatu nahi dute langileek, egoitzetako sektoreko hitzarmena lortzea zaila ikusten dutelako". Zaintzen Unipersonal enpresak eramaten du San Juan Egoitza, eta ELAko kidearen arabera, orain arte ez du jaramonik egin egindako eskaerei. 

Atzokoa bezalako kontzentrazioekin presioa egin nahi dute langileek, baita beraien eskaera herri mailan jakitera eman ere. Hemendik aurrera estrategia bat erabakiko dute, "behintzat, enpresa negoziatzeko mahaira eramateko, eta proposamen bat negoziatzen hasteko. ELAk eta LABek proposamen komun bat aurkeztu dugu, mahai gainean jarri dugu, enpresak ezagutzen du hitzarmen horretan zer puntu sartu nahi ditugun, baina erantzunik ez digu eman", adierazi du Uriak. 

Mobilizatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute langileek, kontzentrazioekin, eta greba egitea ere ez dute alde batera uzten.