Pulpo elkarte gastronomikoak 71. urteurrena ospatuko du datorren asteburuan

Erredakzioa 2022ko aza. 6a, 09:00

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte datorren astebururako, eta horien artean nabarmentzekoa izango da hilaren 12an egingo duten bazkideen bazkaria. 

Futbol zelairik ez zegoela eta, Itzurunen futbolean jokatu ohi zuen lagun talde bat Bar Cantábricon elkartu zen 1951ko azaroaren 11n.  Bertan osatu zuten "Peña Pulpo" deiturikoa, kirola sustatu eta berau praktikatzeko lokala eta bitartekoak lortzeko helburuarekin. Urte batzuk beranduago, eta garaiko agintariek bitarteko horiek lortu ahal izateko eskatzen zituzten baldintzak betetzeko, Pulpo Kirol Elkartea sortu zuten. Sorrera horren urteurrena ospatuko dute, hain zuzen, datorren asteburuan zehar. 

Pulpo Kirol Elkarteak gizarteari eta kirolari begirako lan garrantzitsua egin zuen, bazkideen hitzetan. Kirol modalitate asko sustatu zituen gaur egun herrian dauden instalazio eta bitartekorik ez zegoenean, hala nola, futbola, eskubaloia, txirrindularitza, atletismoa, arrauna, piraguismoa... Nabarmendu dute hainbat kirol ekitaldi antolatu eta diziplina guzti hauetan parte hartu zuela elkarteak. Baina aipamen berezia egin nahi izan diote eskubaloiari; 1974an, Sociedad Pulpo izenarekin hasi baitzen lehiatzen eskubaloi taldea. Harategi kalean zuen egoitza, eta bertan zituzten entrenatzeko lekua, dutxak… Pulpo Kirol Elkarteari esker, gainera, Zumaian eskubaloiak indarra hartu zuela uste dute. Pulpo Kirol Elkarteak eskubaloiarekin duen loturari eusten dio, ekarpen ekonomikoak eginaz, klubaren arrakastak bere egoitza sozialean ospatuz nahiz zuzendaritzako kideei eta jokalariei urteroko afaria eskainiz, besteak beste.

Elkarteak gizarte arloan ere egin izan ohi ditu ekarpenak, tartean, garai batean txaranga izan zuen, eta Zumaiako jaien antolaketan ere parte hartzen zuen: San Pedro danborradan, Erregeen desfilean, Aste Nagusian, sagardo-dastaketa lehiaketan eta San Juan egoitzako egoiliarrentzako bazkariaren antolaketan.

Pulpo Elkartea sortu zenetik urte asko igaro arren, elkarteak gizarte lanari garrantzia handia ematen jarraitzen du. Gaur egun, eskubaloiarekin lotura estua izaten jarraitzen du, festetako jardueretan parte hartzen du eta San Juan egoitzako egoiliarrentzat bazkaria antolatzen du, besteak beste. Patria telesailerako grabazio bat egin da bertan, eta olagarro zopa nola prestatzen den erakusteko Julius telebista-programarako kapitulu bat ere grabatu da, bazkideek diotenez. Baina egindako jarduera guztien artean, berezia da eurentzat San Juan egoitzakoentzat prestatzen duten bazkaria, "bertan bizi diren egoiliarrei beste ingurune batean une atsegin bat pasatzeko aukera" ematen dietelako. 

Gaur egun Zumaiako elkarte zaharrenak bere aurrekoengandik jasotako tradizioekin jarraitzen du, baina garai berrietara egokitu nahi izan du. Bazkiden arabera, sexuen arteko diskriminazioa baztertu da, eta nabarmentzekoa da azken urteotan emakumezkoek elkartean izan duten presentzia; bazkide berriak sartu dira eta gobernu-organo zein lehendakaritzan parte hartzen dute. Bazkide onuradunaren figura sortzeak ere gazte kopuru handia gerturatu du elkartera, eta ohiko erabiltzaile bihurtu direla ere azaldu dute. Gazteak erakartzeko ahaleginetan antolatu zen urriaren 14an lehenengo Pulpofest jardunaldia, garagardo-azokaren bertsio bat. Aipatu beharra dago parte hartzaileen gehiengoa emakumezkoa izan zela eta, orokorrean izan zuen arrakasta ikusita, hurrengo edizioekin jarraitzeko erabakia hartu duela elkarteak.

Elkarte gastronomikoena "oso gurea den tradizioa" dela gaineratu dute, "konfiantzan oinarritzen dena eta jatorri eta belaunaldi ezberdinetako pertsonen artean harremanak sustatzen dituena". Gizarte ohituren aldaketen ondorioz, eta urteetako ohiturak galdu ez daitezen, tradizio horri eustea izango da Pulpo Kirol Elkartearen helburua, eta etorkizunean elkarte guztiek izango duten erronka nagusia.